Edukiontzien sistema ezartzeko aurrekontua adostu du Udalak Mankomunitatearekin

2015/04/09
Sistema berria martxan jartzeko, 345.000 euro bideratuko ditu Mankomunitateak Mutrikura; ezarpena hasi aurretik, informazio zabala eskainiko zaie herritarrei

“Azaroan Mutrikun egin zen herri kontsultak argi eta garbi erakutsi zuen zein sistemaren bidez jaso nahi dituzten hondakinak mutrikuarrek. Udalak, aho batez, bere egin zuen herri borondatea, eta hura gauzatzeko adostu berri ditu Mankomunitatearekin sistemaren ezarpenerako beharrezko inbertsioak eta gastuak”, azaldu du Gobernazioburu Joxan Agirregomezkortak. Sistema berria martxan jartzeko, 344.748 euro bideratuko ditu Mankomunitateak Mutrikura.

Debabarreneko Mankomunitatearekin adostutako aurrekontuaren atzean, besteak beste, egin beharreko inbertsioak daude zehaztuta. Izan ere edukiontzien sistema berria martxan jartzeko, hainbat azpiegituraren beharra dago; hala nola, bilketa egiteko bi ibilgailu berri (Deba eta Mutrikuko bilketa egiteko erabiliko direnak), Mutrikuko transferentzia zentrorako baskula, herrigunerako edukiontziak, itxiera-isistema magnetikoak, hondakin organikoak jasotzeko ontziak, poltsa-konpostagarriak eta kontrolerako sistemak. “Aurreratu dezakegun neurrian, aldaketa gutxi batzuk kenduta, gaur egungo guneetan bertan jarriko dira edukiontziak. Guztira 37 gune jarriko lirateke, 9 landa-gunean eta beste 28 herrigunean”, nabarmendu du Agirregomezkortak. “Gune gehienetan bost frakzioak jasotzeko modua egongo da, baina zenbaitetan, espazio faltagatik, lau bakarrik jaso ahal izango dira”. Hala ere, Mankomunitateak emandako datuen arabera, sistemak eragindako gastuek zein inbertsioek herritarrarengan ez dute eragin ekonomikorik edukiko.

Edukiontziak 24 ordutan egongo dira erabilgarri. Herritarrentzat berritasun bakarra organikoa bereiztea izango da. Horretarako, ontzi bana jasoko dute herritarrek doan, baita organikoa jasotzeko poltsa-konpostagarriak ere. “Merkatariek eta ostalariek tratamendu berezia izango dute, eta tresna bereziak jasotzeko leku komunak jarriko dira”, azpimarratu du.

Sistema ezarri aurretik, ordea, herritarrei zuzendutako informazio kanpaina zabala egingo da, bai Mankonitatetik, bai Udaletik. “Sistemaren Ezarpen Planak beharrezkoak ditu zehaztasunak eta herritarrek guztiaren berri izatea. Horretarako behar diren beste herri zein auzo bilera egingo dira uda pasa ondoren”.

Mankomunitateak emandako datuen arabera, Mutrikun, birziklatzen ez diren 1.457 tona hondakin jasotzen dira urtean. “Sistema berriarekin, alde batetik, orain arte birziklagarriak ziren materialen birziklapen-tasa igotzen hasiko dira mutrikuarrak; eta beste alde batetik, hondakin organikoak bereizten hasi. Ez dezagun ahaztu, azken helburua, birziklapen-tasa gaur egungo %26,49tik %60era igotzea dela”.

SISTEMAREN EZAUGARRI OROKORRAK:
-    Bost frakzioen bilketa edukiontzien bidez egingo da (1.000 eta 2.000 litroko edukiontziak izango dira).
-    Errefusa eta hondakin organikoak txip bidez kontrolatutako edukiontzietan utziko dira.
-    Errefusa eta hondakin organikoen edukiontziak irekitzeko txartelak erabiliko dituzte herritarrek.
-    Erabiltzaile bakoitzarentzat hondakin organikoa eta errefusa botatzeko edukiontzi bat izendatuko da, eta haren kudeaketarako ontzia bana emango zaie herritarrei.
-    Edukiontzi guztiak egunero eta edozein ordutan erabili ahal izango dira.
-    Beira gaur egun bezala jasoko da, eta Vidrala enpresak kudetuko du bilketa.
-    Herrigunean, posible den leku guztietan, bost frakzioak jasotzeko guneak ezarriko dira (gaur egungo leku berberetan, ia kasu gehienetan).
-    Landa-eremuan aportazio-guneak prestatuko dira.
-    Papera eta kartoia jasotzeko trataera berezia edukiko dute komertzioek.
-    Komertzioek, jatetxeek, elkarteek…sortzen duten hondakin organikoa botatzeko edukiontziak edukiko dituzte. Tamainaren eta beharren arabera, 40 eta 1.000 litro arteko ontziak izango dira. Edukiontziak erabiltzerakoan, herritarren baldintza berberak edukiko dituzte.
-    Komertzioek, jatetxeek, elkarteek…ontzi arinak, gaur egun bezalaxe, edukiontzi horien bidez jasoko dituzte.

 

EDUKIONTZIEN EZAUGARRIAK:
-    Hondakin organikoaren edukiontziak gorputz grisa eta tapa marroia edukiko ditu.
-    Errefusaren edukiontziak gorputz grisa eta tapa grisa edukiko ditu.
-    Gainontzeko frakzioak jasotzeko, edukiontzien orain arteko kolore-sistema jarraituko da.
-    Kontrolerako, frakzio bakoitzetik sortzen diren kantitateen jarraipena egingo da.

EDUKIONTZIAK JASOTZEKO MAIZTASUNA:
-    Hondakin organikoak: astean hirutan.
-    Errefusa: lehendabiziko urtean astean hirutan; sistema ezarri ahala, astean behin.
-    Papera eta kartoia: Cespa enpresak kudeatuko du bilketa. Bilketa %28,57an gehitzea aurreikusten dute. 1.000 litroko edukiontzien bilketa Mankomunitateak egingo du.
-    Ontziak: Cespa enpresak kudeatuko du bilketa. Bilketa %173,53an gehitzean aurreikusten dute. 1.000 litroko edukiontzien bilketa Mankomunitateak egingo du.
-    Beira: Vidrala enpresak kudeatuko du bilketa eta aurreikusten den gastua 0 da.
-    Pixoihalak eta antzerakoak: hasieran, asteko sei egunetan jasoko dira; ezarpenaren amaieran, berriz, asteko lau egunetan    .