Egoera ekonomikoa onbideratzeko mailegua eskatu ahal izango du Udalak

2012/10/04
Batzar Nagusiek atzo erabaki zuten udalak beharrezkoa zuen baimena ematea; udalak pozik hartu du erabakia.

Mutrikuko Udalak 450.000 euroko mailegua eskatu ahal izateko baimena jaso du. Beharrezkoa zuen baimena, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eman zioten, Aldundiko Ogasun sailak prestatutako Foru Araua onartu ondoren. Erabakia aho batez hartu zuten.

Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela Batzar nagusien Osoko Bilkuran izan zen, eta erabakia pozik hartu zuen. “Mutrikuko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiko Ogasun Departamentuari, udalerriaren egoera mimoz hartu eta dedikazio berezia eskaini diotelako elakarlaneko jardunean”, gaineratu nahi izan du.

Batzar Nagusiek onartutako Foru Arauaren ondorio zuzena izango da 2012 urteko aurrekontuaren baitan 450.000 euroko mailegua eskatu ahal izatea, “bizi dugun garai gogor honetan arnasa hartzeko aukera izateko”. Alkateak lortuko den diru horren beharra dagoela argi dauka. “Udalak duen zorra errazago ordaindu ahal izateaz gain, gainbehera etorritako gure herria aurrera begira jartzen jarraitzeko aukera ere izango da, besteak beste, diru horri esker”, nabarmendu du.

Udalaren zorpetze maila 2003tik %116tik gorakoa izan da, eta 2011 amaieran %119koa iatera heldu delarik. “Helburu nagusietako bat zorpetze maila jaistea izango da. Baina aldi berean, eta hori bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa izango da herrian ikusten diren beharrei erantzutea”, azaldu du alkateak. “Herria dagoen dagoenean utzi gabe, udalak aurrera begira jarri eta udalerria bizkortzeko moduan ipinintzea lortu nahi du. Horretan ahaleginduko gara; eta erantzukizun horri helduko diogu”.

Alkateak atzera begiratzeari laga eta aurrera begira lan egin nahi du. “Ez da urte bateko edo biko lana izango, baina hondoa jota ez uzteko konpromisoa hartua daukagu, eta horretan saiatuko gara”.

Aurrerantzean, Foru Ogasunarekin elkarlanean jarraituko du Udalak, “ez Foru Arauak hala exijituko diolako, gauzak ondo egin nahi direlako baizik”.