Eguenean banatuko dira Mutrikuko I. Enpresa Proiektu lehiaketako sariak
2015ean lehen aldiz Mutrikuko I. Enpresa Proiektu Lehiaketa antolatu da, Mutrikuko Udaleko Garapen Sailaren eta Debegesa Garapen Agentziaren ekimenez, honako helburu hauekin: ekintzailetza suspertzea, herrian aberastasuna sortzea, ekintzailearen lana aitortzea, enpresa proiektu onenak saritzea eta kooperatiba eredua bultzatzea.
Lehiaketa horrek emango dio amaiera, enpresen sorrera eta ekintzailetza sustatu eta laguntzeko helburuarekin, Mutrikuko Udalak eta Debegesa garapen agentziak elkarlanean, bigarren urtez abiatutako ZuEKIN 2015 egitasmoari. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du egitasmoa. "2011tik Mutrikuko Udala garapen ekonomikoaren alorrean lan handia egiten ari da, lanpostuak mantendu, enpresa berriak bultzatu, formazioa indartu eta sektore ezberdinei bultzada eman nahian, hala nola, nekazaritza, arrantza edo merkataritza eta ostalaritza alorretan", aitatu dute Garapeneko teknikariek.
Lehiaketara zortzi proiektu aurkeztu dira, sektore ezberdinei lotuak, merkataritza, akuikultura edota nekazaritza arlokoak, besteak beste. Bete beharreko baldintzen artean zeuden: adinez nagusi izatea eta Mutrikun erroldatuta egotea edota enpresa-proiektua Mutrikun garatzeko diseinatua izatea.
Lehiaketaren baitan, hiru sari banatuko dira:
- 1. Saria 2500€
- 2. Saria 1500€
- 3. Saria 1000€
Epaimahaiak hainbat irizpide hartu ditu kontuan aukeraketa egiterako orduan:
- Berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edo/eta originaltasuna.
- Bideragarria izatea (teknikoki, ekonomikoki eta merkatura begira).
- Enplegua sortzeko daukan potentzialitatea, eta sortutako lanpostuen kalitatea.
- Ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko daukan gaitasuna (profil egokiak)
- Mutrikun proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea.
- Proiektuaren definizio-garapen maila
- Horrela izanez gero, balore kooperatiboekin koherentzia
Sariak banatzeko, hiru ordezkari izango ditugu:
- Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua. Lehen saria banatuko du.
- Joseba Palenzuela, Mutrikuko Alkatea. Bigarren saria banatuko du
- Cristina Zumeta, Debegesako Enpresa eta Berrikuntza Saileko arduraduna. Hirugarren saria banatuko du.