Ekintza ugari antolatu dira Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan, Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetearen barruan.
Urtero bezala, martxoan zehar, Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea ospatzen da. Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolatutako ekimen bateratu honetan, publiko guztiei zuzendutako ekintzak eskaintzen dira: hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak... Ekimen honen helburu nagusia, kostaldean zehar dauden museoak ezagutaraztea eta herritar eta bisitariengana hurbiltzea da.
Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatuta, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoa, museoen sareko parte da eta museoen hilabeteari lotuta hainbat ekitaldi antolatu ditu bertan Geoparkeak, Mutrikuko Udalaren laguntzarekin. Museo txiki honek, Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarraga bikoteak 40 urte luzez Mutrikuko flysch beltzean jasotako fosilak erakusten ditu; egun, bilduma honek, munduko bilduma paleontologiko garrantzitsuenetako bat osatzen du.
Baina, Geoparkeko flysch beltzak, amonite fosilez gain, beste altxor bereziak ere ezkutatzen ditu. Altxor hauek septaria izena hartzen dute eta gertaera geologiko bitxiak erakusten dizkigun harribitxiak dirudite.
Harribitxi hauek hobeto ezagutzeko, Martxoaren 14an, 18.30ean, Luis Miguel Agirrezabalak, UPV/EHUko ikertzailea, “Flysch beltzeko konkrezio eta septariak: ezaugarriak eta eraketa" hitzaldia emango du, euskaraz, Nautilus Ikasgune Geologikoan. Bertan, bi urtez egindako ikerketaren emaitzak azalduko ditu.
Hitzaldiaren ondoren, izen bereko erakusketaren irekiera izango da. Konkrezio eta septarien erakusketa, Geoparkeak bultzatu duen ikerketa eta nazioarteko elkartrukerako programari esker sortu da. Martxoaren 14tik apirilaren 7ra egongo da ikusgai, astean zehar doakoa izango da eta Aste Santu eta asteburuetan museoaren ohiko prezioan (2€). Irekiera ordutegia honakoa izango da:
-
- Astean zehar 17.30-19.30
-
- Larunbatetan Aste Santuan eta Pazko Astean 11.30 – 14.30 / 17.30 – 19.30
-
- Igandeetan 11.30 – 14.30
Museoari buruzko informazioa eta ordutegia hemen.
Honez gain, martxoaren 16an Nautilus museoan ate irekiak ospatuko dira eta sarrera doakoa izango da 11.30etik 14.30era eta 17.30etik 19.30era.
Martxoaren 17an (euskaraz) eta 24an (gazteleraz) bereziki familiei zuzendutako “Flyscha haurrekin” ekintza antolatu da, 10.00etatik 12.30era. Lehenik, haurrentzako fosil tailer dibertigarri bat egingo da eta, ondoren, itsasontziz flysch beltzaren labar ikusgarriak ezagutzera joango gara, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren arteko gunea ikusiz. Jarduera hau, lau eta hamabi urte bitarteko umeentzat da egokia; 25 lagunentzako tokia egongo da eta aurrez erreserba egitea beharrezkoa da. Erreserba geoparkea.eus web gunearen bidez egin behar da "Nautilus, flyscheko fosilak" bisita gidatuan izena emanez. "museoak2024" kodea erabilita %40ko deskontua izango du bisita honek.
2024ko Euskal Kostaldeko Museoen programazioan, gure Kostaldean zehar kokatzen diren 27 museok parte hartu dute eta programazio osoa sarearen webgunean dago eskuragarri.
Aste Santuan bisita gidatuen eskaintza zabala Euskal Kostaldeko Geoparkean
Martxoan, Aste Santua ere gainean dugu, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak bertako balio natural, kultural eta geologikoa deskubritzeko eta gozatzeko bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du. Aukeren artean, Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, marearteko zabalgunea ezagutzeko oinezko bisitak, familian egiteko proposamen dibertigarriak eta, bestelako planen bila dabiltzanentzat, kutsu zientifikoago bat duten esperientzia bereziak aurki daitezke.
Informazioa eta erreserbak geoparkea.eus