Ekintzailetza sustatzeko ekimen sorta prestatu dute Mutrikuko Udalak eta Debegesak

2015/04/15
Bihartik [hilak16] apirilaren 30era arte, ekintzaileak erakartzea helburu duten hitzaldiak, jardunaldiak eta irteera bat egingo dira, mutrikuarrei zein eskualdeko herritarrei zuzenduta, ZuEKIN! izenburupean.

Enpresen sorrera eta ekintzailetza sustatu eta laguntzeko helburuarekin, Mutrikuko Udalak eta Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak, abian jarri dute bigarren urtez ZuEKIN! egitasmoa. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.

Bihar [apirilak 16] hasi eta apirilaren 30era arte luzatuko den programa honen barruan, hainbat jardunaldi, hitzaldi eta irteera egingo dira, mutrikuarrei eta oro har Debabarreneko herritarrei zuzenduta. Parte hartzea doakoa izango da.

Programa honen lehen hitzordua bihar, eguena, izango da, 16:00etatik 20:00etara, Luardon. Saio hori, ekintzailetzari buruzko jardunaldia egingo da.

Bertara edonor hurbildu badaiteke ere, bereziki azken urteetan negozio-ideia bat martxan jarri duten ekintzaileei edota etorkizunean ekiteko asmoa dutenei zuzenduta dago. Jario Consulting enpresako kide Teresa Aranzibiaren eskutik, jardunaldiaren helburua izango da enpresa proiektu ezberdinen ibilbideak aztertzea eta, bide batez, motibazioa eta baikortasuna lantzea. Dagoeneko 12 laguneko taldea osatu da, baina oraindik badago tokia parte hartu nahi dutenentzat.  
Apirilak 21, 22, 23 eta 28an hitzaldi sortak egingo dira, 18:00etatik 21:00etara, Zabiel hitzaldi aretoan. Sektore ekonomiko ezberdinetako gertuko esperientzia interesgarriak ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dute saio hauek, nekazaritza itsasoa, merkataritza, ostalaritza, turismoa eta sektore berritzaileetan oinarritutakoak. Guztira lau egunetan 15 hizlari izango dira euren bizipen eta esperientzien berri emango dutenak. Entzuleentzat motibatzaile eta inspiratzaile izan nahi dute saioek.      

Hona hemen antolatutako egitaraua:zuEKIN! 2015


APIRILAK 21. NEKAZARITZA

•    Larreta Esnekiak.
Larreta Baserria. Hizlariak: Andoni Egia eta Leire Lizeaga
•    Produktu berriak garatzeko aholkularitza eta laguntza.
Leartiker. Hizlaria: Malen Sarasua
•    Nekazaritza ekologikoa eta salmenta zuzena.
Doniene Berri baserria. Hizlaria: Miriam Arrizabalaga
•    Nekazal produktuen transformakuntza.
Sosola Baserria. Hizlariak: Enrike Gisasola eta Aizpea Izagirre

APIRILAK 22. ITSASOA

•    Balea Elkartea eta artisau arrantza.
Balea Elkartea. Hizlaria: Maria Txakartegi.
•    Akuakultura sektorea eta potentzialak.
Mutrikuko Akuakultura Eskola.
•    Buceo Euskadi.
Hizlaria: Jabier Aginaga.
•    Elikatu.com
Ibai-Gane jatetxea. Hizlaria: Aitor Maguregi.

APIRILAK 23. MERTAKARITZA, OSTALARITZA ETA TURISMOA

•    Mutrikuko lokal hutsen azterketa.
Mutrikuko Udal Garapen Saila. Hizlaria: Marta Amonarriz
•    Turismo Zerbitzua.
The Basque Way. Hizlaria: Noemi Lekube.
•    Delikatesen produktuak.
Maisor artisau kontserbak. Hizlaria: Oihana Iribar.
•    Altzarien eraberritzea eta berrerabiltzea.
Artezi. Hizlariak: Iratxe Artiach eta Norone Bizkarra.

APIRILAK 28. SEKTORE BERRITZAILEAK

•    Longboard-ak eta egurrezko betaurrekoak.
Ixi-Woods. Hizlaria: Paul edo  Endika Zabala
•    Arropa diseinua.
Zergaitik. Hizlariak: Lucía Tauil (Zuzendaria) eta  Ianire Soraluze (Diseinatzailea).
•    Ekonomia soziala eta birziklaia.
Sindesperdicio- Emaus. Hizlaria: Alberto Gastón (Enpresa Saileko zuzendaria)

Apirilaren 29rako, berriz, irteera bat antolatu da, Getariako Itas Lur Gourmet Elkartea eta haien lana gertutik ezagutzeko helburuarekin.

Mutrikuko I. Enpresa Proiektu Lehiaketaren  sari banaketa

Programari amaiera emateko, apirilaren 30ean Mutrikuko I. Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa egingo da, 19:00etan, Zabieleko hitzaldi aretoan.

Aipatutako lehiaketa Udaleko Garapen Arloak, Debegesa garapen agentziaren laguntzarekin antolatu du, honako helburu hauekin: ekintzailetza suspertzea, herrian aberastasuna sortzea, ekintzailearen lana aitortzea, enpresa proiektu onenak saritzea eta kooperatiba eredua bultzatzea.

Lehiaketak honako sari hauek izango ditu:             
-    Lehen saria: 2.500 euro
-    Bigarren saria: 1.500 euro
-    Hirugarren saria: 1.000 euro

Sarituek Enpresa Haztegian zein Konde Kaleko ekintzaile berrientzako bulegoan kokatzeko erraztasuna izango dute. Enpresa martxan jarri arte eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza izango dute erakunde antolatzaileen eskutik.