ELIKAGAIEN BANKUAREN BILKETA
Elikagaien bankuak urtero egiten duen bilketa handia azaroaren 16tik 21era bitartean izango da, aurten COVID 19-ak sortutako osasun larrialdi egoerak baldintzaturik. Arriskua ekiditeko helburuarekin, aurten bilketa ez da pertsonalki egingo eta ez da zuzenean janaririk bilduko.
Hala ere, bilketa egiteko modua aldatuta datoz, elkartasun kanpainak irauten duen egunetan bonuak eskuratzearen bidez egingo delarik bilketa. Bonuak 1€, 3€, 5€ eta 10€-koak izango dira eta erosketa ordaintzeko momentuan eskuratu ahalko dira modu telematikoan. Bonuetan bildutako dirua Elikagai Bankuak behar dituen produktuengatik trukatuko dira kanpainaren amaieran. Mutrikuren kasuan Eroski Arrieta, Eroski Dendaberri eta Saturraraneko DIAn egongo dira eskuragarri bonuak.
Aurten elkartasuna inoiz baino beharrezkoa izango da. Itxialdian zehar eta ondoren, janari eskariaren kopurua %20an igo da eta etorkizun laburrean %30era igoko dela aurreikusten da, lanik gabe geratu direnen kopuruak gora egin baitu.
Mutrikuko Elikagaien Bankuak mutrikuarrak bonuak eskuratzera gonbidatzen ditu eta urtez urte herriak erakutsitako elkartasuna eskertu nahi izan die mutrikuar guztiei eta parte hartu izan duten establezimendu eta laguntzaile guztiei ere.