"Elkarte honen bidez Mutrikuko baserritar bakoitzak dituen beharrei erantzun bateratua eman nahi dugu"
Nerea Arrizabalaga 38 urteko mutrikuarra herriko erdigunean jaio bazen ere, orain dela hamabi urtetik Kalbaixo gainean kokatuta dagoen Olabarrieta nekazal auzoan bizi da. Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastetxeko irakaslea, Arrizabalagak ilusioz beterik hartu du bere herriko baserritarren elkarteko idazkaria izateko ardura. Bere ustetan, apirilean sortutako taldeak onurak ekarriko dizkio Mutrikuko nekazal eremuari.
Noiz eta nola hasi zen Mutrikuko baserritarren elkartea sortzeko prozesua?
Urte honen hasieran hasi ginen gai horren inguruan lanean, Udaletik egindako proposamen bat jaso ondoren. Garbiñe Agirregomezkorta mutrikuarrak udaletxean lan egiteko beka bat lortu zuen eta horri esker baserri munduan zeuden beharren azterketa egin zuen. Proiektu hori egiteko herriko nekazal auzo guztietako baserritarrekin harremanetan jarri zen eta jasotako datuak aztertu ondoren elkarte bat sortzeko beharra ikusi zen. Horrela, Udaletik batzar batera deitu ziguten eta bertara gerturatu ginen guztiok begi onez ikusi genuen elkartea sortzeko proposamena. Horrela sortu zen Mubae, Mutrikuko baserritarren elkartea.
Elkartearen izena aukeratzeko buelta askorik ez duzue eman...
Egia da alde horretatik ez garela oso originalak izan baina baserritarrok egin genuen bileran ez zitzaigun ezer hobea okurritu eta azkenean Mubae ipintzea erabaki genuen.
Nola antolatu duzue elkartea?
Elkartea martxan jartzeko auzokako bilerak egiten hasi ginen eta horren ondoren auzo bakoitzean ordezkari bat izendatu genuen. Ofizialki elkartea apirilean eratu zen eta hilabete bat beranduago lehen batzar orokorra egin genuen Olatz auzoko tabernan.
Zeintzuk dira elkartearen helbururik nagusienak?
Lehenik eta behin, baserritar bakoi-tzak dituen beharrei erantzutea, baina ez indibidualki, era bateratu batean baizik. Azken batean, denok ditugu behar berdinak edo antzerakoak eta denok batuz indar gehiago egin dezakegu erakunde baten aurrean proiektu edo eskaera bat aurkezterakoan. Bestalde, baserritarren onurako diren hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu nahi ditugu eta, azkenik, baserri munduak merezi duen errokonozimendua lortzeko lanean arituko gara.
Zenbat baserritarrek egin dute bat Mubae elkartearekin?
Herriko zazpi nekazal auzoetan (Mijoa-Mixkia-Artzain Erreka, Galdona, Langa, Olabarrieta, Ibiri, Olatz eta Astigarribia) ehun baserri inguru egongo dira eta horietatik 90 bat animatu dira elkartean sartzera. Langa auzoko baserri gutxi apuntatu dira, aurretik bazutelako elkarte bat bertan eta ez dutelako elkarte berriaren parte izateko beharra ikusi. Hala ere, Mubae-ren ateak guztiz irekita daude parte hartu nahi duten guztientzat.
Zeintzuk dira Mutrikuko baserritarrek dituzten beharrak?
Nekazal eremuetako bide eta kuneten mantenua, seinaleak, jausitako lurrak, zaborren zerbitzua... gauza asko daude hobetzeko.
Baina lan horiek kudeatzeko ba dago Debemen Debabarreneko nekazarien elkartea, ezta?
Bai, baina orain arte baserritar bakoitzak bere kabuz egiten zituen eskaerak eta hemendik aurrera auzo guztietako beharrei erantzuna emateko eskaera bateratuak egingo ditugu. Pentsatzen dugu horrela erantzunak azkarrago helduko direla. Gainera, Udala eta Debemenekin harreman zuzena dugu, eskaerak bideratzeko eta egin beharreko gauzak aurrera eramateko.
Ekitaldi desberdinak antolatuko dituzuela aurreratu duzu; zer motako ekimenak izango dira?
Alde batetik baserritarrei informazioa emateko hitzaldiak antolatu nahi ditugu: teknologia berrien inguruan, albaitariekin, aseguruetako teknikariekin... Bestetik, baserrietako produktuak plazaratzeko ekitaldiak prestatuko ditugu. Horren adibide larunbatean Beheko plazan egingo den Lapiko beltza ekimena da. Udala eta Txoko Eder elkartearekin elkarlanean antolatutako babarrun lehiaketa bat izango da eta amaitu ondoren prestatutako jana enkantera aterako da, nahi duten herritarrek eta lagun taldeek etxera edo elkarteetara eramateko aukera izan dezaten.
Nolakoa da Mutrikuko baserritarren egoera?
Denetarik dago baina ezin da konparatu orain dela 50 urteko baserritarra eta gaur egunekoa. Orain ia baserri guztietako bizilagunen batek kalean egiten du lan, baserritik soilik bizitzea ia ezinezkoa delako. Belaunaldi berrien kontsumo ohiturak aldatu dira eta gaur egun baserrietako produktuak saltzeko arazoak daude. Ondorioz, jarduera hori mantentzea oso oso zaila da.