Emakume arrain saltzaileentzat izango da aurtengo Berdel Aipamena
Eguneko arraina artisau erara arrantzatu ondoren kalean salmenta zuzena egiten zuten emakumeak. Horiek izango dira aurtengo berdel Aipamena jasoko dutenak; hala nola, Zorion Basterretxea, Klarita Alberdi, Fidelita Alberdi, Abe Maria Mugerza, Antonia Alberdi, Enkarna Berasaluze Perras, Felizita Urreisti, Finita Arreitunandia, Arantxa Furundarena, Arrate Furundarena, Felizia Elezgarai, Arantxa Zelaia, Narzisa Urreisti eta Maria Teresa Balmaseda.
Arrain saltzaileei ohore egitean, Mutriku bezalako herri arrantzale baten emakume haiek egindako lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta, aldi berean, desagertuta dagoen jarduera izan arren, artisau arrantzarekin eta eguneko arrantzarekin zuen lotura estua nabarmendu.
Berdel Aipamena 20:00etan, udaletxean izango da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Horren aurretik, ordea, zapatuan lanean ariko diren boluntario guztiekin azken bilera egingo dute Balea elkartekoek. Bilera, 19:30ean, udaletxean bertan izango da.