Emakumeenganako indarkeriari ez esango dio Udalak
Azaroak 25ean ez ezik, aste guztian emakumeenganako indarkeriaren aurka agertuko da Mutrikuko Udala. Horretarako eguenetik hasita hainbat ekimen antolatu ditu.
Astea hasteko herriko hainbat puntutan (tabernak, dendak, enpresak...) puntu moreak banatu ditu Udalak, herritarrek ere indarkeriaren aurkako mezua zabaltzen lagun dezaten, eta euren aurkakotasuna sinbolo horren bidez erakuts dezaten. "Herritarrek ere euren etxean puntu morea jarri nahiko balute, udaletxera hurbildu eta bat eskatu besterik ez dute egin beharko. Eskuartean ditugun guztiak banatzea da gure asmoa", azaldu du Politika Soziala Batzordeko buru Arrate Urangak.
Eguenean, berriz, 19:30ean, Zabiel etxean, zine-forum saioa egongo da. Botako den filma honako hau izango da: Las mujeres de verdad tinene curvas. Hona hemen filmaren aurrerapena:
Ondoren, Bilgune Feministako kide batekin gaiari buruz hitz egiteko aukera edukiko dute herritarrek.
Gainera, hilaren 24tik 26ra Udalak gai horren aurrean duen jarrera publikoki erakutsiko du, udaletxeko balkoian jarritako pankarta baten bidez. Pankartan puntu morea eta Emakumeenganako indarkeriarik ez leloa agertuko dira. Eta azaroaren 25ean, bertan, 19:00etan, elizako eskaileretan elkarretaratzea egingo da.
Azaroko Osoko Bilkuran, berriz, Azaroaren 25aren inguruko adierazpen instiutzionala irakurriko dute, alderdiek bozkatu eta onartua izateko.