ENTXUFATU HERRIKO KOMERTZIORA kanpainaren zozketa burutu berri da

2024/01/12
Zabiel Kultur Etxeko ganbaran, streaming bidez zuzenean burutu berri da aurtengo gabonetako kanpainaren zozketa.

 

Mutrikun, 2024ko urtarrilaren 11a

 

Mutrikuko Udaleko Ekonomia garapen sailaren lan ildoen barruan, herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko beharra ezarrita dago. Horregatik Udalak 2023ko gabonetako kanpaina bat antolatu zuen ENTXUFATU HERRIKO KOMERTZIORA izenarekin.
Ekimen honen bidez, Mutrikuko biztanleek herrian dagoen merkataritza-eskaintza erabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan da, tokiko ekonomia bultzatu eta mugikortasun iraunkorreko ereduak bistan jarrita.


Ekimenak 3 aste iraun du, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra arte. Epe horren barruan, kanpainara atxikitako saltokietan gutxienez 10 euroko erosketa egitean, merkatariek boletoak banatu dituzte bizikleta elektrikoen zozketan parte hartzeko. Kanpainan zehar bizikleta elektrikoen informazioa herrian egokituta ditugun pantailetan egon da ikusgai.

 

KANPAINAREN BALORAZIOA
Oraindik goiz da balorazio sakon bat egiteko, izan ere, Mutrikuko Udalak parte hartu duten establezimenduekin bildu nahi du, euren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko. Hala ere, lehen datuak eskuetan izanik, baikortasunez ikusten dugu aurtengo kanpainak izan duen ibilbidea.


Ondorengoak azpimarratu beharko genituzke: 48 establezimenduk parte hartu dute, inprimatu ziren boletoen ia %90a banatu da, kanpainak herritarrengan izandako oihartzuna handia izan da eta antolaketarako Udala eta establezimenduen arteko elkarlana eta koordinaketa ona izan da.
Guztira 60.000 boleto atera ziren, pasaden urtean baino gutxiago, kanpainaren iraupena laburragoa izan baita.


Datu ekonomikoei erreparatuta, honek esan nahi du gabonetako kanpainaren baitan Mutrikun, gutxienez, 524.690€ko gastua egin dela herrian eta Udala pozik agertu da datuarekin.


SARIAK
Orbea markako bi bizikleta elektriko zozketatu dira:
- Orbea Keram 30.
Mendirako bizikleta , 2499€tan baloratua.
Kolorea: beltza
BOSCH MOTORRA Aktiboa 25 km/h
BOSCH Performance 400Wh BATERIA
KAMBIOAK Shimano Deore M5120 SGS Shadow Plus

- Orbea Optima E50.
Bizikleta Urbanoa , 2299€tan baloratua.
Kolorea: granatea
MOTORRA Mahle hub motor X35 Plus 25 kmh
BATERIA Mahle 36V/6.9A 248Wh ANT+
KAMBIOAK Shimano Tourney TX800

ZOZKETAREN PROZEDURA
Zozketa jendaurrean egin da, Zabiel Kultur Etxeko ganbaran. Horrez gain, zuzenean streaming bidez ikusi ahal izan da udalaren Youtube orrian.
Zozketaren aurkezpen lanak ohi bezala, bikain egin ditu Marije Ituarte herritarrak. Horrez gain, Joseba Palenzuela, Mutrikuko Alkateak eta Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpainaren eta ekimenaren inguruko balorazioa egin eta Udalak garapen alorrean merkataritza indartzeko apustua azaldu dute.


Zenbakiak ateratzeko prozedura eskukoa izan da eta horretarako herriko Danok Bat pelota elkartetik 5 laguntzaile etorri dira zozketarako bolatxoak ateratzeko.


Guztira lau zenbaki atera dira, lehen biak saridunak. Beste biak ordezkoak. Hemen zenbaki guztiak:


- Lehen zenbakia: 47.578. “Orbea Keram 30” izeneko bizikletaren zenbaki irabazlearena da.
- Bigarren zenbakia: 05.023. “Orbea Optima E50” izeneko bizikletaren zenbaki irabazlearena da.

- Hirugarren zenbakia: 23.844. “Orbea Keram 50” izeneko bizikletaren ordezko zenbakia izango da
- Laugarren zenbakia: 40.710. “Orbea Optima E50” izeneko bizikletaren ordezko zenbakia izango da.


Zozketa zuzenean Youtuben ikusi ahal izan da eta zenbakiak www.mutriku.eus web gunean egongo dira ikusgai, eta baita Mutrikuko Turismo Bulegoan ere.


SARIAK JASOTZEKO
Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira, erosketa tiketarekin batera. Aurkezteko epea 15 naturalekoa izango da, bihartik hasita. Epe hori igarota zenbaki saritua agertu ez bada, ordezko zenbakia izango da zozketaren irabazlea izatera pasatuko dena eta beste 15 naturaleko epea izango du saritutako txartela aurkezteko.


Pertsona berbera ezin izango da bi sarien onuradun izan. Kasu hori gertatuz gero, pertsona hori balio ekonomiko handieneko bizikletarekin sarituko dute, eta bigarren saria bigarren bizikletaren ordezko zenbakiari emango zaio.


UDALAREN ESKERTZA
Mutrikuko Udalak bereziki eskertu nahi ditu kanpainan parte hartu duten merkatariak herriko merkataritza eta ekonomia suspertzeko egiten duen lanagatik.


Horrez gain, Marije Ituarteri eta herriko Danok Bat pelota elkarteari ere zozketa egunerako emandako laguntza eskertu nahi die.
Udalaren eta herriko establezimenduen eskertza handia, herrian erosi duten Mutrikuar guztientzako da. Euren erosketekin herria bultzatzen dutelako eta gogoratu nahi diegu guztiei, kanpaina amaitu arren, herrian erosten jarraitzean denok irabazten dugula eta Mutrikuri eta gu guztioi on egiten diogula.