Entxufatu Herriko Komertziora kanpainaren zozketako zenbaki irabazleak 77.469 eta 42.120 izan dira
Zabiel Kultur Etxean izandako arazo elektriko baten ondorioz, urtarrilaren 17an izan behar zuen zozketa atzo ospatu zen. Bi bizikleten zenbaki irabazleak eta hauen bi ordezkoak ezagutu ziren arazo tekniko ugari izan arren bigarren egunean ere, eta zozketa Mutrikuko Udalaren Youtube kanalean jarraitu ahal izan zen.
Mutrikuko Udalaren lan ildoen barruan, herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko beharra ezarrita dago. Horregatik, Udalak 2022ko gabonetako kanpaina bat jarri zuen abian, ETXUFATU HERRIKO KOMERTZIORA izenarekin. Kanpaina honekin, Mutrikuko biztanleek herrian dagoen merkataritza-eskaintza erabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan da, tokiko ekonomia bultzatu eta mugikortasun iraunkorreko ereduak bistan jarrita. Ekimenak hilabete bat iraun du, abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra arte. Epe horren barruan, kanpainara atxikitako saltokietan gutxienez 10 euroko erosketa egitean, merkatariek boleto batzuk banatu dituzte bizikleta elektrikoen zozketan parte hartzeko. Kanpainan zehar bizikleta elektrikoak Apain estetika zentroaren eskaparatean egon dira ikusgai.
ZOZKETA
Zozketa urtarrilaren 17an egitea aurreikusten bazen ere, arazo teknikoek egun batez atzeratzea ekarri zuten. Azkenik, atzo, urtarrilak 18 ospatu zen jendaurrean, Zabiel Kultur Etxeko ganbaran eta zuzenean streaming bidez ere ikusi ahal izan zen zatika udalaren Youtube kanalean.
Zozketaren aurkezpen lanak ohi bezala Marije Iturarte herritarrak egin zituen. Horretaz gain, Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpainaren eta ekimenaren inguruko balorazioa egin zuen eta Udalak garapen alorrean merkataritza indartzeko apustua ere azaldu zuen.
Zenbakiak ateratzeko prozedura eskukoa izan zen eta horretarako herriko 5 gazte izan ziren zenbakiak atera zituztenak.
Guztira lau zenbaki atera ziren:
- “Orbea Keram 30” bizikletaren zenbaki irabazlea 77.469 izan da eta ordezko zenbakia 64.025
- “Orbea Optima E50” bizikletaren zenbaki irabazlea 42.120 izan da eta ordezko zenbakia 75.584
SARIAK JASOTZEKO
Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira, erosketa tiketarekin batera. Aurkezteko epea 15 lanegunekoa izango da, gaurtik hasita. Epe hori igarota zenbaki saritua agertu ez bada, ordezko zenbakia izango da zozketaren irabazlea izatera pasatuko dena eta beste 15 laneguneko epea izango du saritutako txartela aurkezteko. Pertsona berbera ezin izango da bi sarien onuradun izan. Kasu hori gertatuz gero, pertsona hori balio ekonomiko handieneko bizikletarekin sarituko dute, eta bigarren saria bigarren bizikletaren ordezko zenbakiari emango zaio.