Erik Mendizabal mutrikuarrak bere lehen Hiruko Koroa irabazi du AEBn
Erik Mendizabal mutrikuarra jaun eta jabe izan da AEBko Dania Jai Alai pilotalekuan bukatu berri den udako denboraldian. Maiatzetik urri amaierara arte jokatu dute bertan, eta sailkapen guztietan lehenengo tokian bukatu du aurrelariak. Pilotaleku historiko horretan marka hori lortzen duen hamargarren pilotaria da Erik, eta historiara pasatuko da horregatik. Aurretik, Egurbide, Juaristi, Aierdi, Joey amerikarra, Atain, Arriaga, Zen, Solozabal eta Beaskoetxea izan dira Hiruko Koroa lortu duten pilotari bakarrak.
Udako denboraldian desabantaila izan dute Beaskoetxea gernikarrak eta Hormaetxea bermeotarrak, besteak beste, uda sasoian Euskal Herrian jokatzen egon direlako eta abuztuan ezin izan dutelako Danian kinielarik eskuratu. Edonola ere, Erikek erraz irabazi du saria, markagailuan alde handiak aterata.
Aldeko 205 kiniela
Alde batetik, Most Wins titulua irabazi du Erikek, hau da, bera izan da denboraldian kiniela gehien irabazi dituena: 205 guztira. Bigarren lekuan, eta denboraldi ikaragarria eginez, Jonathan Etxebarrieta Etxeba atzelari markinarra geratu da (138 kiniela) eta hirugarren Aitzol Larruskain Olate bolibartarra (134). Laugarren lekuan Jairo gasteiztarra geratu da (126) eta bosgarren Hormaetxea bermeotarra (117).
Buruz burukoan ere Erik izan da onena: berak jaso du buruz buruko txapela, Singles Champion saria. Banakako txapelketan 46 kiniela irabazi ditu mutrikuarrak, Beaskoetxea gernikarrak 29 eta Solozabal ermuarrak 20. Laugarren Angel mexikarra geratu da (17) eta bosgarren Iñigo Gorostola Arrieta (15 kiniela buruz burukoan).
Binakako Txapelketan, bestalde, aurrelari onenaren titulua eskuratu du, 41 garaipenekin. Angel mexikarra izan da bigarrena, 27 kiniela irabazita, Solozabal hirugarren (23), Arregi laugarren (17) eta Asier Elesgarai Beitia mutrikuarra bosgarren (16).
Atzelari onenaren tituluari dagokionez, Ulises mexikarrak jaso du binakakoan, 32 kinielara irabazi ondoren. Bigarren Oiarbide geratu da (19), hirugarren Amigorena (18), laugarren Enbil (17), eta Zumaiako txapeldun handiaren ondoren, Ibon Aldazabal berriatuarra sailkatu da: 16 kiniela irabazi ditu Binakako Txapelketan. Berriatuarrak izugarri denboraldi ona egin du.
Gora begira
Most Wins sailkapenean kuadroko 36 pilotariek hartzen dute parte, baina gainerakoetan, Daniako pìlotari onenak lehiatzen dira bakar-bakarrik, goiko mailan jokatzen dutenak.
2007-08 denboraldian egin zuen debuta Erikek, eta lehengo denboraldian Most Wins titulua irabazi zuen. Ordutik hona, bost aldiz irabazi du Most Wins, Buruz buruko titulua bi bider eta Binakako Aurrelari Onenarena beste bi aldiz. Dudarik gabe, munduko pilotari onenen artean dago Erik, goi-goian, eta oraindik, adinagatik, gora egiteko aukera badu.
Joan den neguko denboraldian, Hiruko Koroa eskuratu zuena Beaskoetxea izan zen. Erik gertu izan ziren.
ITURRIA: HITZA