Erik Mendizabal zestalariak bere bigarren Hiruko Koroa lortu du
Erik Mendizabal mutrikuarra jaun eta jabe izan da Floridako Dania Jai Alai pilotalekuko neguko denboraldian. Aurrelariak bere bigarren Hiruko Koroa lortu du, pasa den udako garaipena errepikatuz.
Mendizabalek Most Wins titulua (Kiniela gehien denboraldi osoan), Banakako Txapelketa (Singles) eta Binaka Aurrelaririk Onenaren titulua (Doubles Frontcourt Champion) lortu ditu, aurrelari batek irabazi ditzakeen titulu guztiak, eta horrek eman dio Hiruko Koroa. Ikaragarrizko erakustaldia eman du mutrikuarrak, Beaskoetxea gernikarra, Solozabal ermuarra, Hormaetxea bermeotarra edo Angel mexikarra gaindituz.
Most Wins-ean 168 garaipen lortu ditu Mendizabalek. Bigarren izan da Diego Beaskoetxea gernikarra (143), hirugarren Arrieta (140), laugarren Eñaut Salegi Markina-Xemeingo atzelari gaztea (139) eta bosgarren Asier Elezgarai Beitia (138), mutrikuar beteranoa. Banakako Txapelketan, berriz, Angel Egea mexikarra izan du aurkari nagusi Erik Mendizabalek. Hala ere, mutrikuarrak erraz irabazi du titulua 34 garaipen lortuta. Egeak 26 lortu ditu, Beaskoetxeak 23, Solozabal-ek 19 eta Hormaetxeak 14. Alex Hormaetxea aurrelari bermeotarraren denboraldia ere nabarmentzekoa izan da, eta onenen artean dagoela erakutsi du.
Binakako Txapelketan azkenik, 36 kiniela irabazi ditu Mendizabalek eta horrek eman dio aurrelari onenaren titulua. Hormaetxea bigarren izan da 29 garaipenekin, Beaskoetxea hirugarren (20), eta Solozabal eta Angel laugarren lekuan berdinduta geratu dira (17).
Orlandoko CITRUS Txapelketa
Erik Mendizabalek Orlando CITRUS Txapelketa ezagunean estreinatuko du titulua asteburu honetan bertan. Amerikako Estatu Batuetako txapelketarik entzutetsuena da Orlandokoa, eta munduko pilotari onenak batzen dira.
Aurtengoan, baina, Miamiakoek kale egingo dute, enpresak ez die eta txapelketara joaten utzi. Hala ere, zortzi bikote bikain neurtuko dira, eta euren artean Mendizabalez gain, Beaskoetxea, Aitzol Larruskain Larru markinarra, Santi Olabe bolibartarra, Ibai Erkiaga lekeitiarra eta Ibon Aldazabal berritxuarra daude, azken hau lehenengo aldiz.
Iturria: Mutrikuko Hitza