Erriberatik dator Errigora

2014/10/30
Aurten Nafarroa hegoaldeko hamar ekoizleren produktuak bildu dituzte saskian; eskaerak egiteko aukera egongo da asteburuan [urriak 31-azaroak 1] Beheko plazan jarriko den mahaian.

Kanpaina berria dakar Errigora proiektuak. Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarrak produktu eta ekoizle gehiago dakartza aurten. Bost ziren iaz ekimenean parte hartu zuten ekoizleek, eta hamar izango dira aurten Errigoran ariko direnak.

Mutrikun asteburuan jarriko dira herritarren eskura hamar ekoizle horien produktu-saskiak eskatzeko mahaiak: zapatuan eta domekan, 11:30etik 14:00etara, Beheko plazan. Saski bakoitzak 50 euroko balio du, eta lortzen den diruaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza proiektuetarako bideratuko da.

Nafarroa hegoaldea du ardatz Errigorak, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Hala, zonalde hartako errealitatea ezagutzera ematea ere badu helburu Errigorak. «Ekarpen ekonomikoari dagokionez, hainbat kanpaina eginda ere ez da lortuko Nafarroako gune horrek euskalduntzeko behar duen beste. Hala ere, auzolana praktikara eramateko eta parte hartzearekin gauzak lor daitezkeela erakusteko balio du», Errigorako kide Peru Aranburuk azaldu duenez. Euskarari zein tokiko ekoizle eta produktuei bultzada emateko lanean ari da Errigora, eta euskal herritarren laguntza izango dutelakoan daude. «Batez ere, ateak zabaltzen joatea da gure helburua; hau da, ekoizleak eurak eta beraien produktuak ezagutzera ematea, harremanak sortzea…». Azken finean, errealitate konkretu bati erantzuna emango dio Errigorak, herri mailako erantzuna, Euskal Herri mailako erantzuna.