Errigorak udaberrira hedatu du euskararen alde nafar produktuak saltzeko ekimena
Arrakastatsua izan zen oso pasa den urte amaieran Errigorak Nafarroa hegoaldeko uzta Euskal Herri guztian saltzeko antolatu zuen saski eskaintzak. Nafar erriberako euskalgintza bultzatu asmo zuen ekimen hark eta emaitza ikusirik udaberrian bigarren kolpe bat abiatu dute.
Oraingoan komunitatea sortu asmo dute; eskariak, eta ondorioz eskaintza, zehaztuz eta ekoizleen emaitza zuzenean kontsumitzaileari eskainiz. Momentu zehatz bateko ekimena ohitura bihurtu nahi dute, urtean zehar kolpe ezberdinetan urte osorako sorta eskainiz. Apirilean, adibidez, olioa eskainiko dute. Ekainean gauza bera egingo dute baina zainzuriekin, orburuekin, piperrekin eta potxekin.
Mutrikun eskaera egiteko aukera egon da joan den asteburuan, eta datorrenean, berriro ere eskaerak jasotzeko mahaia jarriko dute. Bi aukera daude: olio konbentzionala (16,50€) edota ekologikoa (22€). Biak dira oliba olio birjina estra. Bost litroko bidoietan aurkeztua dago.
Kontsumo bide berriak eta prezio lehiakorrak
Ekimenarekin urruneko produktuen ordez bertakoak erosteko ohitura sortu nahi dute bultzatzaileek, eta Nafarroako euskalgintza lagundu bide batez. Horretarako «Errigora komunitatea» sortu nahi dute, aurrez jendeak izena eman eta modu horretan banaketa eta eskaria modu bateratuan egin ahal izateko.
Modu horretan eginda, gainera, prezioak apaltzea ere lortuko dute. Udazkeneko saskian merkatuko prezioa zuten erreferentzia, kasu honetan ekoizleak berak ezarritako jatorrizko prezioa izango dute produktuek. Hartara, adibide gisa bost litroko olio ontzia jarri dute. Errigoraren arabera, 27 € inguru balioko litzuke merkatuan baina 16,5 €-tan eskaini ahalko dute eskaintza berezi honetan.
ITURRIA: Naiz