Etxebitza hutsen inguruko salbuespenak jaso ditu Udalak 2014ko ordenantzetan

2013/11/27
Ondasun Higiezinen gaineko Zergan errekargua ordaintzetik salbuetsita geldituko diren zortzi kasu zehaztu dituzte.

Bigarren etxebizitza hutsek, aurten, %50eko errekargua izango dute Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. “Hutsa izango da urtarrilaren 1ean inor erroldatuta ez dagoen etxebizitza”, adierazi dute udal ordezkariek. 

Aurtengo udal ordenantzan, ordea, errekargurik ordaindu beharko ez duten zenbait kasu jaso dituzte; zehazki, zortzi salbuespen jarri dituzte etxebizitza hutsei lotuta.

Salbuetsita geldituko dira, errentan emateko, etxebizitza erakunde publiko baten esku lagata daukatenak. “Etxebizitza Alokabideri lagatakoak, esaterako”, aitatu dute. Urtarrilaren 1a baino hilabete lehenago etxebizitza alokatzen edota saltzen jartzen dutenek ere ez dute gehiago ordaindu beharko. “Egoera honetan daudela egiaztatzeko, bitartekariaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute”, argitu dute. Era berean, promotoreek saltzeko dituzten etxebizitzak ere salbuetsita geldituko dira, baita jarduera ekonomikoren bat betetzen duten etxebizitzak ere.

Herentziaz jasotako etxebizitzak, berriz, ez dute bi urtez errekargurik edukiko. Salbuespen honek indarra edukitzeko, urtarrilaren 1a baino bi urte lehenagoko epean jasotako etxea izan beharko da.

Zahar etxeetan erroldatutako pertsonak ere kontuan hartu dituzte salbuespenak ezartzean. Horiek bezala, familikoren bat zaintzeagatik etxebizitza hutsik laga behar dutenak ere aitzat hartuak izan dira. “Dependentzia egoeragatik diru laguntzak jasotzeko, zaintzen ari diren senidearen etxebizitzan erroldatu behar izaten dute, eta izan liteke, horren ondorioz, zaintzaileen etxebizitza hutsa gelditzea. Pertsona horiei eragingo die neurri honek”. 

Azkenik, erregistroari lotutako bi kasu ere gehitu dituzte. Alde batetik, erregistroan batuta dauden etxebizitzak salbuetsi dituzte (jabetza bertikala). Eta beste alde batetik, erregistroan egoera aldaketarik egin ez arren, bi etxebizitza batu dituztenei ere tarte egin diete; beti ere, batutako bi etxebizitzek 100 metro karratu baino gehiago ez dituztenean.