Europako Geoparkeen Astea zapatuan jarriko da martxan Euskal Kostaldeko Geoparkean

2013/05/14
Maiatzaren 18tik ekainaren 9ra arteko egitaraua prestatu dute geoparke barruan bizi direnekin pentsatuta; helburu nagusia da bertoko ondare naturala, geologikoa eta kulturala herritarrei gerturatzea.

 

Zapatuan hasiko dira Europako Geoparkeen Asterako Mutrikuk, Zumaiak eta Debak prestatutako egitaraua. Aurtengoarekin Geoparkearen Astea ospatzen den hirugarren aldia izango da.  Hiru udalerriek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere eduki dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak -2010ean Geoparke izendatua eta harez geroztik, Europako zein munduko Geoparkeen Sarean integratua- maiatzaren 18tik ekainaren 9ra bitartean egingo du Europar Geoparkeen Astea 2013. Hirugarren urtez burutuko da ekimena espazio natural honetan. Helburua bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei, eta bereziki Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleei, gerturatzea da. Horretarako, hamaika jarduera antolatu dira Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, hala nola, hitzaldiak, umeentzako tailerrak, doako bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak.

Gaur, maiatzak 14, aurkeztu da egitaraua Debako Udaletxean. Ekitaldian parte hartu dute Debako Alkateak, Maider Zubikarai, Leire Barriuso Geoparkeko Gerenteak eta Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak. Halaber, aurkezpenean egon da Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela.

Geoparkeak egitarau zehaztua hiru herrietako etxe guztietara helaraziko du. "Egitarauaren berri emateaz batera, herritarrak ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu".

Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan egiten da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Askotariko jarduerak

Aurten berrikuntzetako bat Nortzuk izan ginen eta nortzuk gara izeneko ekimena izango da. Ekitaldi honek emango dio hasiera egitarauari eta hiru herrietan burutuko da. Ekimen honen bidez, Geoparkearen elementu garrantzitsu bat bistaratu nahi da: ondarea. "Ondarea oso hitz zabala da: kulturak, ohiturek, tradizioek... osatzen duten sistema da, eta sistema horri gorputza ematen diotena herritarrak dira", azaldu dute antolatzaileek. "Eta hain zuzen ere, Geoparkearen Astean haiengana zuzenduta dago. Herritarrak dira Geoparkearen arima eta horretaz jabetzea da lortu nahi duguna".

Mutrikun, ekitaldia, zapatuan, 22:00etan, izango da, eta Arantza Ugartek aukeztuko du. Bertan parte hartuko dute Anaiarte Abesbatzak eta Gure Ametsa Dantza taldeak.

Bestalde, Nautilus Ikasgune Geologikoak Ate Irekien Jardunaldia egingo du maiatzaren 25ean, Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera eman asmoz. Jardunaldia egun osoz luzatuko da (10:00 – 14:00 y 16:00 – 19:00). Gainera, egun berean, 12:00etan, Mutrikuko flysch beltza. 110 milioi urteko historia liburuaren aurkezpena egingo da Nautilus-en bertan. Han izango dira Jesus Mari Narvaez, Nautiluseko fosil bildumaren jabea eta urteetan zehar fosil ikusgarri hauek labarretatik erreskatatu dituen pertsona, bere emazte Espe Azkarragarekin batera, eta Jose Angel Torres Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta liburuaren idazlea.

Hitzaldiak ere izango dira Geoparkearen Astean, adituen eskutik. Nabarmentzekoa da Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak maiatzaren 28an hartuko duen hitzaldia, Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko irakaslearen eskutik. 20 urte baino gehiago eman ditu Arz irakasleak K/T muga munduan zehar bilatzen. Zumaiatik Mexikora: dinosauruen desagerpenaren gakoak izenburupean, hitzaldia 19:00etan hasiko da. Hitzaldi honetan, Arz irakasleak meteorito erraldoiaren talka frogatzen duten frogak erakutsiko dizkigu mundu guztiko azaleramenduetan zehar. Dinosauruen desagerpena era ulergarri batean ezaguzteko aukera paregabea izango da. Bestalde, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok, Geoparkeko interesgune geologikoei buruzko bi hitzaldi eskainiko ditu Deban eta Zumaian. Ezinbesteko hitzordua izango da Geoparkeko geologia ezagutu nahi duten guztientzat. Hitzaldi hauen guztien edukia dibulgatiboa izango da, publiko zabalari zuzenduta.
 
Geoparkeak dituen balioen zabalkundea eta heziketa sustatze aldera, maiatzaren 31an umeentzako tailer geologikoak egingo dira kalean, Deban, Mutrikun eta Zumaian aldi berean, 18:00etatik aurrera.

Gainera, aurten ere doako bisita gidatuak egingo dira. Bisitariek zientzia, natura eta kultura uztartzen dituzten ibilaldiak egin ahal izango dituzte, doan, gida-adituen laguntzarekin. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute hiru herrietako turismo bulegoen bitartez. Plazak mugatuak dira.

Geoparkeak
Euskal Kostaldeko Geoparkea, lehena Euskal Herrian zein Kantaurialdean, 2010ean sartu zen Europako zein munduko Geoparkeen Sarearen barruan. 2013ko martxoaz geroztik, Europan 54 Geoparke daude.

Geoparkeen Europako Sarea plataforma ezin hobea da gure lurraldearen sustapen eta garapen iraunkorra bultzatzeko. Geoparke bat nabarmentzekoa den ondare geologiko eta kulturala duen lurralde bat da, eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, zaintzan, heziketan, kalitatezko turismoan eta landa garapenean oinarritutako toki garapeneko proiektu bat garatzeko.

 

ITURRIA: DEBEGESA