Euskadi Turismo Saria Flyscharen Ibilbideari

2010/11/20
Mutriku, Deba eta Zumaiak bultzaturiko Flyscharen Ibilbideak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Turismo Saria jaso du.

Sari banaketa 

Patxi Lopez lehendakaria buru izan duen ekitaldiak 500 lagunetik gora bildu ditu. Mutriku, Deba eta Zumaiako alkateek jaso dute saria Gasteizen egin den ekitaldian eta Flyscharen Ibilbideko proiektuko lan-talde osoa bertan izan da.

 

Alkateek nahiz taldekideek ilusio handiz hartu dute sari garrantzitsu hau. Jesus Mari Agirrezabala Debako alkateak 3 alkateen izenean azaldu zuen moduan, “ohore bat da sari hau jasotzea, dudarik gabe lanean jarraitzeko indar handia ematen digu eta bide honetan EUSKADI turistikoki gero eta lehiakorragoa izan dadin lanean jarraituko dugu”.

 

Dudarik gabe, produktu turistiko honen arrakastaren giltzarria elkarlanean eta talde-lanean dago. Batetik, 3 udalen eta bertako Turismo Bulegoen arteko elkarlanean, bakoitzaren interes eta protagonismo partikularrak gaindituz, elkarrekin aurrerapauso bat  emateko erabakia hartu baitzen.

 

Bestetik, enpresa pribatuarekin izandako lankidetza ere funtsezkoa izan da proiektu hau aurrera eramateko. Begi Bistan enpresaren lana erabakigarria izan da proiektuan, Jon Arratibel eta bere talde osoak egunero bisitariei Flyscharen Ibilbidean barrena bidaia interesgarria egiteko aukera eskaintzen baitie.

 

Xenda Natura enpresako Jon Llordesek ere hasiera hasieratik parte hartu du proiektuan. Berak egin zituen, 2002. urteko udan, lehenengo irteera geoturistikoak Zumaiatik abiatuta, eta ordutik proiektuaren garapenari loturik jarraitu du. Orduko bisita turistikoan 25 pertsonek hartu zuten parte. 8 urteren ondoren, 2010ean, 5.500 bisitarik eta bakarkako turistek egin dute Flyscharen Ibilbidea. Esan beharrik ez dago, kopuru honi eskola-umeak, elkarteak eta bestelako taldeak gehituz gero, emaitza askoz handiagoa litzateke.

 

Era berean, azpimarratzekoa da DEBEGESAren elkarlana. Flyscharen Ibilbideari eskainitako laguntzak berebiziko garrantzia izan du. Proiektuaren garapena ahalbidetu duten baliabideen bilaketan eta koordinazio lanetan ez ezik, Debegesa Agentziak lan gogorra burutu du azken urteetan lurralde honek Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sarbidea izan zezan, duela gutxi lortu dena, alegia.

 

Urtez urte Flyscharen Ibilbidea indartuz eta sendotuz joan da produktu turistiko gisa. Egun, publiko ezberdinari zuzendutako eskaintza zabala dago, finean, Lurraren historia geologikoan milioika urteetan barrena ibilbide ederra bertatik bertara bizitzeko aukera paregabea eskainiz. Berritasun modura, azken urtean itsasontziz irteerak, trekkingak, kayak irteerak, geotour-ak… egiteko txartelak webgunean bertan eros daitezke: www.flysch.com.

 Mutrikuko Flysch Beltza

 

Debabarreneko kostaldeko herriek, Mutrikuk eta Debak, Zumaiarekin batera,  2008ko udaberrian abian jarri genuen proiektu hau “Flyscharen Ibilbidea” lelopean.  Proiektuaren garapenean funtsezkoa izan zen Mutrikun, Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoaren irekiera eta zentro hau Zumaia eta Debako eskaintza geoturistikora lotzea. Bestalde Deba eta Zumaiaren arteko elkarlanak, bi herrien arteko trekking-a eta itsas irteerak antolatuz, oinarri  sendo bat sortua zuen, Flyscharen Ibilbidea aurrera atera ahal izateko. Hiru herrietako eskaintza bateratuz, kalitatezko produktu turistikoa osatu dugu. Proiektu hau guztiz bat dator Debegesak lideratzen duen Debabarreneko Dinamizazio Turistiko Planean zehaztutako ardatzekin. Bertan natur turismoaren aldeko apustu garbia egiten da eta zehazki eskualdeko baliabide geoturistikoak balioan jartzeko erabakia hartzen da.  Dudarik gabe, hau izan da Mutrikun Turismoak egin duen apustu garrantzitsuenetako bat, eta sari honek norabide onean goazela ziurtatzen digu.