Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu urrian astebururo eta jaiegunetan

2012/10/15
Bisita gidatuak eskainiko dizkie bisitariei, besteak beste, itsas-irteerak, ondare artistiko-historikoa ezagutara emateko bisita kulturalak edota haurrei zuzendutako jarduera bereziak

Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen eskaintza zabala prestatu du urrirako, eta asteburuetan ez ezik, jai egunetan ere askotariko jarduerak eskainiko ditu publiko zabalari zuzenduta.

Guztira, 21 proposamen izango dira, aisialdiaz, ondare kulturalaz zein naturaz gozatzeko. Aipatzekoak dira Geoparkeak etxeko txikienei zuzenduta antolatu dituen irteerak. Familia osoari zuzendutako bisita hauen artean, Flyscha haurrentzat eta Artzain Txikiak esperientzia arrakastatsua dira aipagarrienak.

Gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak burutzen dituen hainbat proposamen Euskadiko Top Esperientzia izendatu ditu Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, hala nola, Flyscharen Ibilbidea, Artzain Txikiak eta Flyscha haurrentzat.

Bisitariak jarduera hauen guztien gaineko informazioa www.geoparkea.com webgunean eskura dezake, eta erreserbak egiteko aukera ere badu bertan. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan egin daitezke. 

Iturria: Debegesa