Euskal labeei buruzko hitzaldi interesgarria dago, gaur, Zabielen

2015/05/26
Geoparkearen Astearen baitan, Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologia Katedraduna izango da hitzaldia eskainiko duena; 19:00etan hasiko da.

Geoparkearen Astearen baitan, gaur martitzena, hilak 26, Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologia Katedradunak hitzaldia eskainiko du Mutrikun, Euskal labeak Geoparkean izenburupean. Hitzaldia, 19:00etan, Zabielen izango da.
 
Hain zuzen ere,  Xabier Orue-Etxebarriak zuzendu ditu, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoen laguntzarekin, Olatzen aurkitutako Zelaitzurieta haizeolaren indusketa lanak.

Hitzaldi horretaz gain, adin guztietako jendearentzat erakargarriak bezain interesgarriak diren ekimenak dakartza Geoparkearen bosgarren asteak.

 

BARIKUAN HAURRENTZAKO TAILERRAK
Barikuan, maiatzaren 29an, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta, Txio-txioka, Geoparkeko hegaztiekin ezkutaketan tailer dibertigarria egingo da. Luardo Etxean izango da hitzordua, 17:30ean, eta bi orduz luzatuko da tailerra.

Jolasaren bitartez hegaztien mundura hurbilduko dira parte-hartzaileak eta, horrez gainera, hegaztiak entzun, ikusi eta ezagutzeko ibilaldi txiki bat proposatuko zaie. Horretarako, prismatikoak eramatea gomendatzen zaie parte-hartzaileei.

BISITA GIDATUAK DOAN
Aurten ere Geoparkeak bisita gidatuak dohainik egiteko aukera eskainiko die herritarrrei. Hain zuzen ere, Geoparkearen eskaintza osatzen duten 12 irteeretatik 3 egin ahal izango dira doan, hala nola, Karsteko zaporeak, Mutriku marinela eta Flysch beltza. Hiru irteerak euskaraz egingo dira.

Irteera hauetan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Mutriku, Deba edota Zumaiako turismo bulegoekin (Zumaiako Turismo Bulegoa: 943 14 33 96 / Debako Turismo Bulegoa: 943 19 24 52 / Mutrikuko Turismo Bulegoa: 943 60 33 78) harremanetan jarriz. 

Hona hemen aipatutako irteera gidatu horien ordutegia:


Geoparkeen Astearen egitaraua