Euskarazko film laburrak Beheko plaza beteko dute
2015/03/18
Zortzi lan batzen ditu aurten laburbirak; iluntzeko 19:30ean hasiko da emanaldia.
Hamabigarrenez heldu da LABURBIRA, euskarazko film laburren zirkuitua, euskarazko zinemagintzaren perla txikiak ikus-entzuleei eskaintzera. Mutrikun, bihar (martxoak 20), 19:30ean, Beheko plazan jarriko dituzte herritar guztientzako. Eguraldi txarra balego, Zabielera pasako litzateke emanaldia.
Zortzi lan ikusgai, zortzi lan ezberdin; euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren aniztasun eta kalitatearen erakusgarri. Zuzendari esperientziadunek, hasiberriek eta bidea urratzen dabiltzanek dute lekua 2015eko edizio honetan. Ordu eta laurden inguruko emanaldia da; lasai eseri eta gozatu!
Informazio gehiagorako eta filmen aurrerapenak ikusteko: http://topagunea.eus/laburbira/