'Euskeraz bizi nahi det' oihua zabaldu dute herriko bazter guztietan

2013/10/28
Adin guztietako herritarrek erantzun diote BaiTxo euskara taldeak egindako deialdiari; herriko taldeen ekarpenei esker lasterketa guztiz berezia izan da.

Euria hasi zuenean, antolatzaileen aurpegiak ere ilundu egin ziren pixka bat. Lan asko zegoen aurrez egina, jende asko inplikatua eta eguraldiak dena desitxuratuko zuela zirudien. Ordua hurbildu arte planari eustea erabaki zuten antolatzaileek, eta eurekin batera lanean ari ziren herriko taldeek ere hala egitera animatu zituzten. Eta azkenean, eguraldiak ere mutrikuarren asmoak errespetatu zituen.

Aurpegia pintatzen eta lasterketarako prestatzen, jende mordo ederra bildu zen ikastolako patioan. Giroa berotzen zihoan.

12:00etarako denak irteteko gogoz. Txupina jo eta aurrera! Autoa aurretik gidari zutela, hainbat eta hainbat herritarrek Euskeraz bizi nahi det zihoen pankartaren atzean jarri eta ibilbideari ekin zioten. San Miguelen, Zabielen eta Goiko plazan geldialdi bereziak izan ziren.

San Miguelen eta Goiko plazan umeak izan ziren protagonista: Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut abestiarekin prestatutako koreografia eskaini zuten. Goiko plazan, gainera, hankapaloek eta konpartsakoek bat egin zuten lasterketarekin. Zabielen, berriz, Txantxangorrikoek antzerki taldekoen laguntza izan zuten  jendeari euskarazko soka-saltoko kanta abesteko eta jendea sokan salto egitera animatzeko.

Erdiko kalean behera Beheko plazako bidea hartu zuten. Erraldoi buruhandiak aurretik zirela kalea bere osotasunean hartzen zuela zirudien jende multzoa zetorren, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzen. 

Plazan sartuta, taldeko argazkia atera zuten, bertsoak eta kantuak izan ziren, dantza ere ez zen falta izan...bereziki aipagarria bertso eskolak prestatutako bertso trama. Mutrikuar 'zaharrak eta berriak', lanbide ezberdinetako herritarrak, aisialdiko egoerak...oholtzaratu zituzten, eta han eta hemen dauden puntu ilunak azaleratu ziutzten; bakoitzari berean zer pentsatua emateko moduan, baina beti ere, umorea galdu gabe. Haien abestia laster barneratu zen jendartean : "Dakinak hasi, bestiak ikasi, Mutrikun ere entzun euskaraz, nahi deu bizi!" (Doinua: Bittor Aiepek Nafarroa Oinezerako egindako kantuaren leloa) . "Ea egunero eta toki guztietan hala egiten dugun", aitatu zuten antolatzaileek elkarte guztien lana goraipatzearekin eta herritarren partehartzea eskertzearekin batera.