Ezberdintasunen gainetik”, Mutrikuk Gure Esku Dago taldea aurkeztu du
Ekitaldia jendetsua izan da eta Zabieleko aretoa bete-bete egin da. Arantza Ugarte Mutrikuko Gure Esku Dago taldeko kideak esan duenez, “aurrekoan baino jende gehiago” gerturatu da gaur Gure Esku Dago taldeak jarritako hitzordura. ”Hondar ale gehiago gehitu dira eta hori ona da, izan ere, ekintza asko ditugu egiteko”. Egiten den dena, “erabakitzeko eskubidearen alde” egingo dela ere hasieratik azpimarratu du Ugartek.
Laguntzeko moduak asko direla esan du. “Ekainaren 8an egingo da ekitaldi nagusia, alegia, Durango eta Iruña batuko dituen giza kate erraldoia. Baina aurretik ekintza asko daudela esan du. Bada, dinamikagaz bat egiten duten herritarrek, modu batera edo bestera “laguntzeko bidea topatu behar” dutela gaineratu du Ugartek. “Bonoak edota kamisetak saltzen, metroak saltzen, Gure Esku Dago dinamikaren mezua zabaltzen, ekimenetan parte hartzen…”.
Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea dela eta aldarrikatu egin behar dugula azpimarratu dute taldearen aurkezpen ekitaldian; jendetza batu da Zabieleko aretoan
Proiektuaren inguruko azalpen guztiak ere eman dituzte, bideoen bidez. Eta jarrian Unai Belaustegi taldeko kideak Gure Esku Dago dinamikaren manifestua irakurri du. “Eskubideak aldarrikatzeko, zenbat eta gehiago garen, orduan eta hobeto”, gehitu du Ugartek. “Denok batera, elkarri eskua emanda, oinarrizko eskubidea, alegia, erabakitzeko eskubidea, aldarrikatuko dugu”.
Bide horretan, ezberdintasunak,albo batera lagatzeko eskatu dute ekitaldian egon diren taldeko kide guztiek, aho batez. “Ahaztu koloreak eta ahaztu desberdintasunak. Ñabardura horiek geroko kontuak dira eta”.
Martxoaren 29an Bilboko La Casillan egingo den ekitaldira joateko autobusak ipini dituzte: herriko okindegi eta tabernetan eman ahal da izena
Taldearen aurkezpena eginda, Mutrikuk “metxa piztu” duela esan dute. “Egingo dugun lehenengo pausoa gure irribarrea jartzea izango da, argazkirako. Eta datorren astean, martxoak 29, Bilboko La Casillan egingo den ekitaldira joateko autobusean izena emateko dei ere egin diete herritarrei. “Herriko okindegietan eta tabernetan eman ahal da autobuserako izena. Eta komeni lehenbailehen egitea, bigarren autobusik atera behar den edo ez ahalik eta azkarren jakiteko”.
Bestalde, ekainaren 8an egingo den giza katea osotzeko, Mutrikutik gutxienez 250 herritarrek parte hartu behar dutela gaineratu dute. Eta ekitaldia amaitu eta argazkia atera bezain pronto, Mutrikuko Gure Esku Dago taldeko kideak Goiko Plazara joan dira, deialdi orokorragaz bat eginez, metroak eta bestelako materiala saltzera.
Mutrikuko Gure Esku Dago taldean sartzeko gonbitea ere luzatu diete herritar guztiei. Horretarako, taldeko edozein kideri esatea nahikoa litzatekeela gaineratu dute. Metro bakoitza 5 eurotan dagoela salgai esan dute. Baina metroa erosteaz batera, konpromisoa ere hartzen dutela gogorarazi diete herritarrei. “Giza katea egiten den egun horretan nor bere lekuan egoteko konpromisoa hartzen da. Eta hori bete egin behar da”. Eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea izan da lehenengoa metroa erosten. Atzetik hainbat herritar gehitu dira.
Metroak saltzeaz gain, bonolaguntzak ere badituztela esan dute. “Bonolaguntzak ekinbide honetan sortu ahal diren gastuak ordaintzeko laguntza dira. Bonolaguntzak 5 eurokoak dira eta horiek ere salgai daude”.
Pausoz pauso, ilusioz eta erabakitzeko eskubidearen aldeko garrarekin, mutrikuarrak hasi dira elkarri eskuak eman eta katea luzatzen.
ITURRIA: Mutrikuko Hitza