Gaba Beltza ospatuko dute mutrikuarrek hilaren 31tik aurrera

2012/10/29
Herriko hainbat talderi esker ospatu da jaialdia; Mutrikuko Udala taldeekin elkarlanean aritu da.

Urriak 31 eta azaroak 1, 2 eta 3. Hori da herriko hainbat taldek bateginda Gaba Beltzaren ospakizunerako ezarritako egutegia. Aurten ere, Txantxangorri, Lapazorri, Mutrikuko Gazte Asanblada eta Gure Ametsa Dantza Taldea izango dira aipatutako egunak ekintzaz beteko dituzten taldeak.

Udala taldeekin elkarlanean aritu da, eta egitaraua borobiltzeko ahalegina egin du. "Gaba Beltza, batez ere, herriko taldeek egiten duten lanari esker aurrera doan jaialdia da. Udalaren lana haiei laguntzea izaten da, eta euren jarduna sustatzea eta bultzatzea", adierazi du Iratxe Gimenez kultur teknikariak. "Eskertzekoa da egiten duten lana".

Urriaren 31n Txantxangorrikoek emango diote hasiera jaialdiari eta Gaztetxeko kontzertuekin amaitu da azaroaren 3an. Tartean, ez dira faltako gaztain erre jana, umeentzako saioak, Axuri Beltza kalejira edota Talaixako mamuaren erreketa.

Udalak, bere aldetik, "egitaraua borobildu asmoz" ikuskizun bat gehitzeko ahalegina egin du: Oihulari Klown taldearen Mamu txikiak kalejira egongo da. "Kalean egiten diren eta herritar guztiei zuzenduta dauden ekitaldiak indartzea izan da gure asmoa. Udalak lortutakodiru laguntza batek ahalbideratu du ikuskizun ekarri ahal izatea", azaldu du kultur teknikariak.

Oihulari Klown taldearen emanaldiak herrian ezagunak dira. Izan ere, behin baino gehiagotan hartu dute parte Antzerkiaz Blai ekimenean. "Kalejira jaialdiarekin bateragarria dela ikusi genuen, eta gainera, Oihulari Klown taldekoek argi utzi izan dute, beti, kalitatea dela euren lanen zigilua", nabarmendu du. "Hala ere, herriko taldeek duten herrigintzarako grina, erakusten duten borondatea eta eskaintzen duten kalitatea izango dira jaiaren oinarria, dudarik gabe".

 

EGITARAUA:Gaba beltza

 

URRIAK 31, EGUAZTENA

  • 17:00. Gaba Beltzeko ekintza berezia, haur liburutegian. Antolatzailea: Txantxangorri.

AZAROAK 1, EGUENA

  • 17:00. Gaztaiñarriak, Beheko plazan. Antolatzailea: MUGA.
  • 19:00, Axuri Beltza Kalejira, Talaixako mamuarekin. Antolatzaileak: Gure Ametsa dantza taldea etas MUGA.

Ondoren. Talaixako mamuaren erreketa, Beheko plazan.

AZAROAK 2, BARIKUA

  • 17:00. Faro misteriotsua haur hezkuntzako umeentzat, Zabielen. Antolatzailea: Txantxangorri.
  • 19:00. Mutrikuko umezurztegia, lehen hezkuntzako umeentzat, Zabielen. Antolatzailea: Txantxangorri.
  • 21:00. Bertso afaria, Gaztetxean. Antolatzailea: MUGA

AZAROAK 3, ZAPATUA

  • 19:00. Mamu txikiak kalejira Oihulari Klown taldearen eskutik. Goiko Plazan hasiko da.
  • 22:30. Kontzertuak, Gaztetxean.