Gabonetako janari bilketarekin 2.000 kilo janaritik gora batu dira

2014/01/15
Elikagaien Bankuan ari diren bolodresek herritar guztiei esker ona adierazi nahi izan diete; DIAn egindako bilketan 4915 kilo janari jaso ziren.

"Gabonetan herrigunean egindako janari bilketa guztiz arrakastatsua izan da. Herritarrek bihotz handia daukatela erakutsi dute". Horrenbestez adierazi dute Elikagaien Bankuko herriko bolondresek azken bilketaren ondoren duten sentipena.

Elikagaien bankuko bi bilketa egin dituzte 2013an, eta biak izan dira arrakastatsuak. DIA supermerkatuan egindakoan, 4.195 kilo janari bildu zituzten. Gabonetako bilketan, berriz,  2.150 kilo janari bildu zituzten herriko hainbat dendetan jarritako edukiontzietan. Horrez gain, harategietan eta arraindegietan jarritako itxulapikoei esker, 104 kilo janari fresko ere erosi ahal izan zituzten. "Benetan pozik gaude jendearen erantzunarekin. Gainera, oinarrizko elikagaiez gain, okela eta arraina ere sartu ahal izan diegu banaketa egitean. Gabon giroa denentzako izatea lortu dugu guztion artean", adierazi dute.

Pisu zehatzik ematen jakin ez arren, fruitategiek ere ekarpena egin dutela jakinarazi dute Elikagaien bankukoek. Eta herriko bi enpresek ekarpen zuzena ere egin dute: Ondarek eta La Mutrikuarrak. "La Mutrikuarrak bilketa egin ahal izateko biltegia ere laga zigun. Oso ondo portatu da jende guztia; ekimena arrakastatsua izan bada, guztiek egindako ahaleginengatik izan da", gaineratu dute.