Galbaixotan ere eraso matxistei planto!

2023/09/13

GALBAIXOTAN ERE ERASO MATXISTEI PLANTO!

Aurten ere badatoz Galbaixuak eta tamalez oraingoan ere ezin dugu albo batera utzi eraso matxisten arazo soziala. Jaietan botere-harremanetan oinarritutako eguneroko errealitatea islatzen baita, eta oraindik ere, mota askotako erasoak pairatzen baitituzte emakume eta sexu-genero disidenteek. Irainak, umilazioa, deskalifikazioa, espazioa ukatzea, arrazoia kentzea, sexu abusuak, indarkeria fisikoa, … Gauzak horrela, pertsona orok ez du jaietan parte hartzeko, eroso sentitzeko eta ongi pasatzeko aukera bera.

Horren adierazle izan dira uztaileko Malen Jaiak. Sinistu nahiko genukeenaren kontrara, hainbat izan baitziren egun horietan zehar indarkeria matxista kasuak, erregistratuak nahiz erregistratu gabeak. Hori dela eta, gogor salatu nahi ditugu eta ozen adierazi nahi dugu Galbaixuetan ez dugula inolako eraso matxistarik onartuko. Konpromisoa eskatzen diegu herritarrei, norbere eta ingurukoen jarrerekiko ardura har dezaten, eta jai-giro osasuntsu eta anitza sortzen lagundu dezaten.

Honekin batera, instituzio publikoek indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko politikak martxan jartzeko betebeharra dutela uste dugunez, urtean zehar abiarazitako sentsibilizazio-, kontzientziazio- eta formazio-kanpaina eta jardueretan parte hartzera dei egiten diegu  (Hezkidetza Proiektua, Lotuneko emakumeentzako* jabekuntza eskola, Lotuneko gizonentzako formakuntza saioak, azaroak 25eko kanpaina, martxoak 8koa…).

Eraiki dezagun guztion artean guztiontzako segurua eta gozamenerako askea izango den Mutriku. Galbaixo jaietan, eta urteko 365 egunetan, eraso matxistei planto!