Garbitasun planarekin lanean ari da horretarako kontratatutako teknikari berria
Herriko garbitasuna da Udalaren kezketako bat. Hori dela eta, Aldunditik jasotako diru laguntza tarteko, Udalak garbitasun plana egin eta garatzeko teknikari bat kontratatu berri du: Maria Odriozola mutrikuarra.
Odriozolaren lana herrian garbitasunarekin lotuta dauden arazoak aztertzea izango da, eta ondoren, arazo horiei aurre egiteko ekintza-plana garatzea. Ekintza-plan hori aurrera eramateko, Udalak bigarren kontratazio bat egingo du: garbitasun planean jasotakoa burutzeko peoia.
Plana garatzen hasita dago, eta txakur-kakak, kaleko edukiontzi txikiak edota pareten egoera bezalako egoerekin zer egin eta nola jokatu aztertzen ari da Odriozola. Ekintza-plana garatzen hasi aurretik, lehenengo pausua, kontzientziazio kanpaina sendoa izango dela jakinarazi du. "Mutriku garbi mantentzeko beharrezkoa da jendeak herria norbere etxea bezala ikustea. Harro egon behar dute euren herriaz eta hura zaindu eta garbi mantentzeko beharra ikusi. Badirudi gaur gaurkoz ez dela horrela. Hori aldatzea da kanpainarekin lortu nahi duguna", azaldu du Odriozolak.