Garbitasun planerako bi langile hartuko ditu Udalak Lanbideren bitartez

2014/06/25
Elgoibarko Lanbiden izena emanda dutenen artean egingo da aukeraketa; langileetako bat garbitasun plana diseinatzeko teknikaria izango da, eta bestea plaeko ekintzak gauzatuko dituen peoia.

Bi langile kontratutako ditu Udalak Lanbideren bidez: bata Garbitasun plan orokorra diseinatzeko teknikaria izango da, eta bestea, garbitasun plan horretan jasoko diren ekintzak burutu beharko dituen peoia. Bi lanpostu hauetarako hautagaia izateko, lehenik eta behin, Elgoibarko Lanbiden izena emanda egotea beharrezkoa da. "Elgoibarren izena emanda ez dutenek lehenbailehen egin beharko dute hautagaien artean sartu nahi badute behintzat", azaldu du Joxan Aguirregomezkorta gobernazioburuak.

Elgoibarren izena emanda egoteaz gain, badira, bestelako derrigorrezko zenbait baldintza ere. Teknikariaren posturako, gutxienez,  goi mailako titulazioa eduki beharko dute hautagaiek, eta peoi izateko, Diru Sarreren Berme Errenta (gaztelerazko RGI) kobratzen egotea da beharrezkoa.

Baldintza horiek betetzen dituztenen artean egingo da aukeraketa. Aukeraketa egiterakoan, ordea, kontuan hartuko diren beste zenbait elementu daude. Horien nondik norakoak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu ziren 2013ko urriaren 18an.

Teknikari postua eskuratzen duenak lanaldi erdiko kontratua edukiko sei hilabetez eta peoi postua eskuratzen duenak, berriz, lanaldi osoko kontratua edukiko du lau hilabetez.

Informazio gehiago nahi duenak, udaletxe sarrerako taulan topatuko ditu lanpostu horien inguruko baldintza guztiak.