Gaur bertan jarri da martxan ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ ekimena
Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan Topaguneak eta Mutrikuko Udal Euskara Zerbitzuak. Kanpaina Irakurri, gozatu eta oparitu izenpean dator, eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago.
Aurtengoan hirugarrenez abiatu da kanpaina Mutrikun. “Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz”, azaldu duteeuskara zerbitzutik.
Egitasmoa aurrera eramateko Euskara zerbitzuak Udal liburutegiko arduradunarekin, eta herriko bi liburu-dendekin ¬ (Beristain eta Sabina)¬ elkarlanean ariko da. “Haiek izango dira proiektuaren arima”, nabarmendu du udal euskara teknikariak.
Kanpainaren izenak adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:
- Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko da.
- Gozatu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari herriko hiru liburu dendetako baten erabiltzeko .
- Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren %25a ordaintzeko aukera izango dugu, %50a euskaldunon elkartearen kidea izanez gero. “Euskaltegian dabiltzan herritarrak, Irakurzale taldeko kideak eta Kalaputxikoak izango dira deskontu berezia jasoko dutenak”, aipatu du euskara teknikariak.
Aprilaren 23tik ekainaren 30era artekoa izango da Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa. “Uda aurreko hilabeteak baliatzen ditu egitasmoak liburuen irakurketarako garai egokia dela pentsatuta”.
Kanpaina ekainaren 30ean bukatu arren, erosketa-txekeak dituzten herritarrek astebete gehiago edukiko dute haiek aldatu ahal izateko.