Gaurtik aurrera, merkatu plaza herritarrentzat zabalik egongo da eguraldi txarra dagoenerako

2014/12/19
Herritarrekin batera adostu ditu udalak ordutegia eta oinarrizko erabilera arauak.

“Eguraldi txarra dagoenean herritarrek, bereziki umeek eta gurasoek, ez daukate non egon. Horri irtenbidea emateko merkatu plaza egokitu dugu eta gaurtik [abenduak 19] zabalik egongo da herritarrentzako". Horrenbestez azaldu ditu Gobernazioburu Joxean Agirregomezkortak merkatu plazari emango zaion erabilera berriaren nondik norakoak.

Merkatu plaza noiz zabaldu eta zein baldintzatan erabakitzeko, Mutrikuko Udalak herritarrekin bilerak egin zituen. Ordutegia eta oinarrizko arauak erabakita, merkatu plazak ateak zabalduko ditu, gaur, lehendabizikoz. ”Bilerak egin eta gero, heldu da merkatu plaza irekitzeko eguna. Gaur zabalduko ditu ateak, aurrenekoz, erabilera berri horretarako, eta eguraldi txarretik babestuta joalsteko eta egoteko lekua edukiko dute herritarrek, askorentzat ohikoak diren aisialdi guneetatik urrun joan beharra eduki gabe".

Merkatu plazako ordutegia eta oinarriko arauak honako hauek dira:

  • Merkatu plaza eguraldi txarra egiten duenean (euria, hotza) bihurtuko da erabilera anitzeko gune.
  • Ordutegia.  Astelehenetik eguenera eta domeketan, 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta barikuetan eta zapatuetan 16:00etatik 21:00etara.
  • Herritarrek ezingo dute ez edan ez erre. Animaliek ere ezingo dute sartu eta umeek ezingo dute futbolean jolastu.

 

Merkatu plaza herritarrek erabili ahal izateko zabalduko bada ere, Udalak ez duela ezelako ekitaldirik egingo. “Ateak zabalduko ditugu, besterik gabe”.

merkatu plazako arauak