Gazte Robotika egitasmo berriak robotika sorkuntza tailerrak eskainiko ditu udan

2019/06/26
Mutrikuko Udalak eta Debegesak bultzatu dute elkarlanean Gazte Robotika hezkuntza-egitasmoa eta aurretiko izen-ematea zabalik da www.gazterobotika.eus webgunean.

 

Mutriku / 2019.06.25.-


Joan den urteko udan izandako harrera bikainaren ostean, Gazte Robotika egitasmoak aurtengo udan ere robotika sorkuntza tailerrak eskainiko ditu Mutrikuko Udalak, Debegesaren laguntzarekin.

Edizio berri honetan 2004 eta 2011urteen artean jaiotako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Talde lana sustatuz, gaztetxoek teknologiarekin ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango dute euren robot propioak sortuz eta programatuz. Gainera, tailer hauetan euren proiektuak diseinatu eta garatu ostean, irailaren 28an Elgoibarren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren 3. edizioan parte hartzeko aukera izango dute, doan.

Berritasunen artean, joko edota erronka berriak diseinatu dira gaztetxoek euren proiektuetan aplika ditzaten; Aukeran izango dituzte SPACE, RALLY, 1VS1 edo RESCUE erronken artean hautatzeko. Horrenbestez, joan den urteko edizioan izena eman zutenek aurten ere parte hartu ahal izango dute, eta ikasten jarraitu, sormena landuz eta konponbide teknologiko berritzaileak garatuz. Erronken inguruko informazio gehiago: www.gazterobotika.eus

Iraupenari dagokionean, 20 orduko tailerrak dira. Euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak emango ditu. Mutrikuko tailerrak, Zabiel kultur etxeko ganbaran emango dira, abuztuaren 26tik 30era bitartean.

Udalak diruz lagundutako tailerrak dira, eta parte hartzaileek 30 euro ordaindu beharko dituzte;. Plaza mugatuak dira. Aurretiko izen-ematea zabalik da gazterobotika.eus webgunean.