Gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko haiekin zuzenean aritzeko programa jarri du abian Udalak

2014/10/23
Want enpresako gazte ekintzaile taldea izango da GazteEKIN! programa bideratuko duena; gazteak elkarlanean jarri eta herriko egoera sozio-ekonomikoan eragitea da helburua.

Garapen planaren jomugetako bat herriko gazteak dira. Gazteen artean ekintzaile sena zabaltzea eta ekintzailetasuna sustatzea da Garapen Batzordearen lortu nahi duena.

 Horretarako, Mondragon Unibertsitatearen eskutik sortutako Want enpresa kontratatu dute. “Want 14 ekintzaile gaztek osatzen duten enpresa da. Ekintzailetasuna bultzatzeko euren proiektuaren muina gazteak elkarlanean jarri eta Mutrikuko egoera sozio-ekonomikoan eragiten saiatzea da”, azaldu du Garapen planeko koordinatzaile Marta Amonarrizek.

Ekintzaile gazte enpresa horietako hiru kide izango dira Mutrikuko programa bideratu eta zuzentzearen arduradunak: Maite de Jesus, Josu Egizabal eta Amaia Zumeaga. “Gazteekin zuzenean egin nahi dugu lan, eta haiekin elkarlanean ekintzaile komunitatea sortu herriari bultzada bat emateko arlo soziekonomikoan”, azaldu du Zumeagak. 

GaztEKIN! programa herriko 20-30 urte bitarteko gazte guztiei dago zuzenduta, eta adin horrretako kide guztientzat ditu ateak zabalik. “Gazteekin herrian ikusten dituzten hutsuneei buruz hitz egitea eta elkarrekin herria berpizteko lan egitea da gure asmoa”, gaineratu du Zumeagak. “Mutriku hobetzeko gogoa duten gazteei bertaratzeko eskatuko genieke eta bertaratzera animatuko genituzke”.  

Herriko gazteekin, barikuan, hilak 24, batuko dira Want enpresako ekintzaile gazteak, eta programaren berri emateaz gain, elkarlanean aritzeko bideak ireki nahi dituzte bertan. Bilera, 19:00etan, Konde kalean Udalak duen lokalean (Zabiel plazaran ondoan) izango da.