Geoparkeak erraztasunez gainditu du bere lehendabiziko errebalida azterketa

2014/09/09

Aho batez hartutako erabaki sendoa izan da. ‘Txartel berdea’ eskuratuta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez eutsiko dio geoparke izendapenari eta Europako zein Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarrakituko du. Azterketaren emaitza joan den eguenean eman zen jakitera Alemaniako Harz Geoparkean egiten ari diren Koordinazio Batzordean.

Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, eta Asier Hilario, Zuzendari Zientifikoa, bertan dira eta han jaso dute albiste bikaina. Bi kideak oso pozik agertu dira Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileek burutu duten txostenaren berri izan dutenean, izan ere, erabateko argitasunarekin adierazten du Geoparke proiektuaren sendotasuna eta egonkortasuna, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen inplikazioa eta babesa nabarmenduz.
 
Halaber, txostenak nazioarte mailako garrantzia duen ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua goraipatzen du, eta bereziki ondare honen interpretaziorako, dibulgaziorako eta promoziorako egindako lana.

Azterketa gaindituta, Geoparkeak pausu garrantzitsua eman du aurrera datozen lau urtera begirako erronkei ekiteko.

Uztailean egin zen ebaluatzaileen azterketa
Hiroko Torigoe japoniarra, Itoigawa Geoparkekoa, eta Richard Watson ipar irlandarra, Marble Arch Caves Geoparkekoa, izan ziren Geoparkeen Munduko Sarearen izenean Euskal Kostaldeko Geoparkearen errebalida azterketa egiteaz arduratu ziren bi kideak, pasa den uztailean.

Hiru egunez izan ziren Zumaian, Deban eta Mutrikun, eta hainbat bisita eta bilera egin zituzten erakundeetako ordezkariekin, sektore turistikoko profesionalekin eta beste hainbat agente sozialekin, Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri jasotzeko.

Bi ebaluatzaileek interesgune adierazgarrienak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, Mendatagaña-Sakoneta ingurunea, Itzurungo hondartza, Algorri itsasontziz, Elorriagako aisialdirako gunea eta Olatzko bailara karstikoa. Era berean, Geoparkearen Gune berria, Algorri eta Nautilus Interpretazio Guneak, Mutrikuko hirigune historikoa, Bentalekua Museoa eta Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika, ezagutu zituzten.

Geoparkeen Europako eta Munduko Sarea
Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea. Sarea ondare geologiko eta kultural azpimarragarria duten lurraldeek osatzen dute eta UNESCOren babesa dauka.

Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.