Geoparkeko 15 begiratoki ikusgarri biltzen dituen ibilbide berria prestatu dute

2014/02/14
Itsasbazterrean hasi eta barrualdeko bailara ezkutuetaraino doazen ibilbideak jasotzen ditu proposamen jaioberriak.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak urrats berri bat eman du natura-turismoaren eskaintza garatzeko, eta Gipuzkoako lehen kultur eskaintza bilakatzeko. Hain zuzen, 55 kilometroko ibilbidea prestatu du, bisitariek euren kabuz inguruko leku interesgarrienak bisitatzeko aukera izan dezaten, eta Geoparkearen ikuspegi osoa jaso eta bertako balio natural eta kulturalak ezagutu ditzaten.

Geoparkeko begiratokien ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixak azken urteotan duten hitzarmenaren baitako ekimena izan da. Hitzarmen honen helburua bikoitza da, batetik, balioa ematea gure natur baliabideei eta, bestetik, lana eskaintzea baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboei.

Ibilbidean zehar 15 begiratoki prestatu dira eta horietara autoz iritsi ahal izango gara, edo oinez, aparkalekutik 10 bat minututan. Begiratokietan jarritako panel informatiboek erakusten dute zein izan den ingurune honetako bilakaera geologikoa, koralez betetako itsaso tropikalak estaltzen zuenetik egungo paisaietara. "Begiratokietatik 100 metrotik gorako itsaslabarretara gerturatuko gara, flyscha bere handitasunean ikusteko. Flyscheko geruzak irakurriz, Yucataneraino egingo dugu bidaia eta dinosauroak zergatik desagertu ziren ulertuko dugu", adierazi dute geogarapen elkartetik.

Bidea jarraituz, Olatz eta Lasturko bailara ezkutuak ezagutzeko aukera izango dugu. "150 metro inguruko haitz ikusgarriak utzi ditu han milaka eta milaka urteetan urak eragindako higidurak. Ia isolaturik gelditu diren bailaretan antzinako gure arbasoen aztarnak bizirik diraute, Ekain eta Praileaitzeko kobazuloetan", azaldu dute.

MAPA TURISTIKOA
Ibilbidearen ikuspegi orokorra izateko eta bisitariari bidea errazteko, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mapa turistikoa argitaratu du.

Diseinu erakargarriarekin, erraz aurki daitezke bertan Geoparkeko interesgune nagusiak, bai geologikoak eta bai ekologikoak eta kulturalak ere. Halaber, mapan Geoparkeko begiratokien ibilbidea osatzen duten 15 informazio panelen kokapenak adierazita daude. "Euren kabuz bisita egin nahi duten bisitarientzat, erreminta  baliagarria izango da oso".

Mapa euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez editatu da. Atzeko aldean, bisitarientzako informazio praktikoa dakar, alojamendu, museo eta turismo bulegoen helbide eta telefonoak.

Mapa turistikoa hiru turismo bulegoetan eta Algorri eta Nautilus interpretazio zentroetan eskura daiteke dohainik. Halaber, edonork deskargatu dezake mapa www.geoparkea.com webgunean (PDF formatua).