Geoparkeko irteerak asko ugarituko dira uztailean eta abuztuan

2012/08/01
Asteburuetan ez ezik astegunetan ere Geoparkeari lotutako bisitak egiteko aukera edukiko dute nahi duten guztiek. Herriari lotutakoak udal webguneko agendan iragarrita egongo dira, baina aukera gehiago daude. Bestelako irteeren berri jakiteko geoparkea.com webgunea bisita daiteke, bertan, hamaika proposamen aurkituko ditu bisitariak lurraldea ezagutu eta bertako ondare natural eta geologiko baliotsuaz gozatzeko.

Uda sasoian bete-betean sartuta, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen eskaintza nabarmen handitu du uztaila eta abuzturako. Asteburuetan ez ezik, astegunetan ere askotariko jarduerak antolatu dira, ia-ia egunero, publiko zabalari zuzenduta.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuak 3 taldetan banatuta daude: Flyscharen ibilbidea kostaldean, Karstaren ibilbidea barnealdean eta  Kultura eta esperientziak izeneko eskaintza lurralde osoan. Talde hauetako bakoitzak proposamen ezberdin ugari biltzen du.

 

Berrikuntzen artean, nabarmentzeko moduko proposamenak dira Karsta ezagutzeko zaldi-ibilaldiak Mutrikun edota, bisitari ausartagoentzat, lurrazpiko galeria sekretuak deskubritzeko espeleologia irteera gidatuak Debako Aixa koban.  Proposamen kulturalen artean, Zumaia eta Itsasoa uztartzen dituen bisita ere estreinatu da aurtengoan, bertako produktuekin mokadu goxoa egiteko aukera barne hartzen duen bisita, hain zuzen ere.  

Aipatzekoak dira, halaber, Geoparkeak etxeko txikienei zuzenduta antolatzen dituen irteerak. Familia osoari zuzendutako bisita hauen artean, Flyscha haurrentzat izenekoa eta Artzain Txikiak esperientzia arrakastatsua dira aipagarrienak.

Gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak burutzen dituen hainbat proposamen Euskadiko Top Esperientzia izendatu ditu Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, hala nola, Flyscharen Ibilbidea, Artzain Txikiak eta Flyscha haurrentzat.

Bisitariak jarduera hauen guztien gaineko informazioa geoparkea.com web gunean du eskura eta bertan dauka erreserbak egiteko aukera ere. Halaber,bisita gidatuetarako erreserbak Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere egin daitezke.