Goiko plazatik hasi eta Beheko plazaraino zabalduko da Santa Tomas feria aurten
Zapatuan goiz goizetik zabalduko ditu ateak Santo Tomas feriak. Aurten Goiko plazan ez ezik, Beheko plazan ere egongo da zer ikusia eta zer egina.
Goiko plazan, ohi bezala, baserritarren azoka, abereen txokoa eta elkarteen gunea jarriko dituzte; Beheko plazan, berriz, Balea elkarteak banatuko dituen atunezko enpanadillak eta artisauen txokoa izango dira nagusi.
Goiko plazan denetarik topatu ahal izango dute herritarrek. Sagarmiñako frutak, Goixenetxeko gazta, Ekoalborazeko barazki ekologikoak, Aritza eta Ibiriko barazkiak... "Aurten ere irizpide bera erabili dugu: azokan lehentasuna herriko baserritarrei eta haien produktuei ematea", adierazi du kultur zinegotzi Joxemari Etxaburuk. Azoka osatu aldera, herrian jada ezagunak diren Mañeko (Mallabi) eta Malax (Berriatua) gozogileen produktuak ere egongo dira. "Aurten, erlauntzak Armetxan dituen Juan Villenaren eztia ere egongo da azokan", gaineratu du Etxaburuk.
Plazatik urrundu gabe, bestelako aukerarik ere egongo da. Izan ere, 12:30ean, udaletxeko pleno aretoan, Ziriako Andonegi literatur lehiaketaren sari banaketa egingo da, eta nahi duen guztiak betaratzeko aukera edukiko du. Irabazlea, bigarren urtez jarraian, Aitor Lizardi mutrikuarra izan da. 16-18 urte bitartekoen artean, berriz, Lorena Arreitunandia mutrikuarraren lana izan da aukeratua.
Plazatik irten gabe, herriko elkarteen eskaintza ere topatuko dute herritarrek: Mandazketak eta Etxeratek jan-edana eskainiko dute, Errealaren Lagunak taldeak zozketa bat ekarriko du, Eskulan taldekoek eskuz egindako piezak jarriko dituzte salgai, Institutuko ikasleek ikasbidaiarako dirua lortzeko ahalegina egingo dute euren mahaian, herriko bandak ere euren kontzertuetako CDak eskuratzeko aukera emango du eta Gaztelekukoek txokolatea eskainiko dute. Txorizoa taloarekin jan nahiago duenak Ataungo talogileen mahaira joateko aukera ere edukiko du aurten.
Plazatik gora eginez gero, abereen txokoarekin topo egingo dute herritarrek. Bertan, Nerea Epelderi, Eizarrekoei, Arno ganadutegikoei eta Irabaneta baserrikoei esker, zenbait arrazetako behiak, behorrak, astoak, pottokak, ardiak, ahuintzak, txerriak, zezenak, antzarrak, ardiak...ikusteko aukera egongoa.
Plazatik behera eginez gero, berriz, Beheko plazan, herriko artisauen lanak ikusi eta erosi ahal izango dira. Eta goian txorizoa protagonista izango den bezala, behean atun enpanadillak izango dira nagusi, Balea elkarteari esker.
Azokak 10:00etan irekiko ditu ateak, eta 14:30eak arte zabalik mantenduko da herritarren gozamenerako.