Hasi dira Errementeixako obrak

2014/07/02
Irisgarritasunari lotutako lanak dira; amaitzean, kale berri bat eta bi mailako plaza bat irabaziko ditu herriak.

Errementeixa botatzen hasi ziren atzo bertan makinak. Irisigarritasunaren izenean botako dute galduta zegoen eraikina, eta pasabidea irekiko dute inguruko auzoetan bizi direnen poztasunerako.

Inguru horretan bizi diren herritarrek hainbatetan egindako eskaerari erantzuten dio Udalak aurrera daraman proiektuak. "Sarritan kexatu dira ingurukoak. Izan ere, batetik, ez daukate ibilgailuentzako sartu-irtenik, eta horrek kasu askotan, ezinegona eta nahigabea sortu du herritarrengan", azaldu du Joseba Palenzuela alkateak. Bigarren arrazoia txukuntasunari lotutakoa da. "Inguru bat itxita egoteak zertzuk dakartzan badakigu. Ingurua txukundu eta garbitzea da obra honek ekarriko duen beste alde on bat".

Hondeagailuak atzo hasi ziren gunea garbitzen, eta asteon guztia behera botata lagako dute. Dunperren bidez aterako dituzte obra-hondakinak, eta guztia prest lagako dute gune berria eraikitzeko. Lan horiek egitearen ardura Artibai enpresarena da.

Gerora bi maila edukiko dituen plazatxo bat eta kale bat geratuko dira gune horretan. Proiektua eta haren zehaztasunak udal arkitektuaren esku daude.  "Errementeixa egongo ez den arren, bertan izan zenaren oroimena gordetzea nahi genuke, eta horretarako elementuak eta bitarterkoak jarriko ditugu", gaineratu du alkateak.