Hemen dira Kalbaixuak

2013/09/13
Kalbaixo Egunean autobus zerbitzua egongo da Kalbaixora igotzeko; Kalbaixogainean hasiko da jaia eta herria goitik behera beteko du.

Gaur gaueko danbor hotsek esnatuko dute Kalbaixotako jai giroa. Bihar bete-betean sartuko da herria jaian eta hiru egunez Mutriku goitik behera festan sartuko da.

Kalbaixo Egunean ermita ingurua izan da, ohi bezala, jaigunea. Bertaratzeko oinez egin nahi ez duenak autobusa edukiko du 08:00etatik hasita. 50 zentimoren truke Kalbaixoko bidegurutzeraino joan ahal izango dira herritarrak. Autobusa etengabe gora eta behera biliko da; kalbaixotik jaisteko azkena 14:00etan aterako da.

Kalbaixoko ermitan eskainiko diren mezak amaitutakoan, herri-kirolak izango dira nagusi. Azken urteetan bezala Mugerza anaiak finean ariko dira aizkoran. Haiekin batera, Urdax Magunazelaia abadiñoarra eta Mikel Lopetegi zarauztarra ere izango da. Abadiñoko harrijasotzaileak 16 urte bete aurrean, 213 kiloko harria jaso berri du. "noizko errejistrorik onena", aitatu dute Kalbaixko Kofradiakoek. Lopetegi, berriz, Izetaren ikaslea da. " Ikasle onenetakoa, onena ez bada...eta etorkizun haundikoa", gaineratu nahi izan dute.

Hangoak eginda poliki-poliki herritarrak goitik behera egingo dute, eta herrigunera pasako da jaia. Eta Udalak banatu duen egitaraua jarriko da martxan. Bi aldaketa egongo dira, baina. Alde batetik, Kalbaixo bezperan, danborrada ondorengo kontzertuan talde bat beharrean bi egongo dira: Tik tara eta Ingo al deu?. Bestetik, Kalbaixo Egunean kalez kale ibiliko den Tek elektrotxaranga 19:30ean atera beharrean 20:30ean aterako da.

Bada beste aldaketa nabarmen bat ere, baina ez programan, ekintza gunean baizik. Izan ere, Piñastegi Eguneko sokamuturraren eremua aldatu egin da. Portuan egiten ari diren obrak direla eta, sokamuturreko eremua txikitu egingo da: Kofradiaraino zabalik egon beharrean, marinelen txabolen parean jarriko dira hesiak, eta bertatik aterako dira zezenak, eta ez arkupetatik orain arte egin izan den bezala. "Sokamututrrean 16 urtetik beherakoen parte hartzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi dugu", azpimarratu dute Udaletik. Horrekin batera, Kalbaixo Egunean herrigunetik, eta Piñastegi Egunean portutik, ibilgailuak kentzeko ere eskatu dute.

 

 HITZAk iazko argazkiak eta bideoak jarri ditu ikusgai.