HERRI BOTEA. ZOZKETAREN EMAITZAK

2021/01/09
Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, streaming bidez zuzenean burutu da aurtengo gabonetako loteriaren zozketa.

Mutrikuko Udaleko garapen sailaren lan ildoen barruan, herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko beharrak urtetik urtera indarra hartzen du. Aurten, COVID-19ak hainbat sektore ekonomikoengan eragindako kaltea ikusirik, lan ildo honek indar handiagoa hartu du.
Helburu horri jarraituz, Udalak HERRI BOTIA izeneko kanpaina jarri zuen martxan Gabonetan herriko ekonomia indartzeko eta era horretara, Udal Garapen sailetik 2020an izandako krisialdi honi aurre egiteko hartutako neurriei amaiera eman die ekimen honek.
KANPAINAREN BALORAZIOA
Merkataritza txikia eta ostalaritza sustatu eta bultzatzeko helburuarekin Abenduaren 1etik urtarrilak 5a arte “HERRI BOTIA Herrian erosi eta Irabazi MUTRIKUKO LOTERIAN” kanpaina abian izan da. Guztira 59 establezimenduk hartu dute parte eta 10€ko erosketa minimo baten truke zenbakidun boletoak banatu dituzte erosleen artean. Plazaratutako 80.000 loteri-boletoak ia agortu egin dira, izan ere 76.000 boleto inguru banatu dituzte establezimendu guztien artean.
Honek esan nahi du, azken hilabetean herrian gutxieneko 760.000€ko gastua egin dela eta herrian ekonomia indartu dugula gu guztion artean, beraz, zenbaki sariduna izan ez arren herritar guztiak irabazi dutenaren ziurtasuna du Mutrikuko Udalak.
ZOZKETAREN PROZEDURA
Zozketa Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan egin da eta streaming bidez zuzenean emititu da Udalaren Youtube kanalean.
Zozketa hasi aurretik Joseba Palenzuela, Mutrikuko Alkateak eta Aitor Itza Garapen Saileko zinegotziak kanpainaren eta ekimenaren inguruko balorazioa egin dute. Ondoren zozketaren aurkezpen eta dinamizazio lanak Arantza Ugarte herritarrak egin ditu, beti bezala ekitaldiari erritmoa, freskura eta goxotasuna jarri diolarik.
Zenbakiak ateratzeko prozedura eskukoa izan da eta horretarako herriko kirol elkarte ezberdinei eskatu zaie laguntza. Danok Bat pelota elkartearen izenean Oaia Otaño izan da laguntzen. Mutrikuko Futbol taldearen eskutik Ireber Lertsundi eta Nora Barrenetxea gazteek atera dituzte zenbakiak. Laguntzaileetan gazteena Maitane Oianguren izan da. 6 urterekin adi- adi jarraitu du ekitaldi guztia bateko zenbakiak ateratzen zituelarik.
Bestalde, zenbaki saritu bakoitzari zein erosketa txartel tokatu zaizkion jakiteko, Danok Bat taldeko Ane Elezgarai izan da arduraduna.
Guztien artean 38 zenbaki atera dituzte, horietatik 19 saridunak eta beste hainbeste ordezkoak. Lehen 20 zenbakiak sari txikienei egokitutakoak dira, hau da, 135€ko bale bakarreko 10 sarienak. Hurrengo 10 zenbakiak 2 baletako sariei dagozkienak (270€). Besta 4 zenbaki 4 baletako sariak zeinentzako izango diren erabaki dute (540€) eta azkenik, bigarren saria (1.080€ ) eta lehenengo saria (3.105€) banatuko dituzten zenbakiak atera dira.
Atera bezain pronto, zenbakiak pantailan erakutsi dira. Saritutako zenbakiak www.mutriku.eus web gunean egongo dira ikusgai, eta baita Mutrikuko Turismo Bulegoan ere bihar, urtarrilak 9tik aurrera.
Zozketa nola egin den ikusi nahi duenak, Mutriku Udalaren Youtube katean ikusi dezake.

SARIAK JASOTZEKO
Saritutako txartelak Mutrikuko Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira eta aurkezteko epea 15 lanegun izango da, gaurtik hasi eta urtarrilaren 29ra arte . Epe hori igarota zenbaki saritua agertu ez bada, ordezko zenbakia izango da zozketaren irabazlea izatera pasatuko dena eta beste 15 egun izango du saritutako txartela aurkezteko.
Pertsona berbera ezin izango da bi sarien onuradun izan. Kasu hori gertatuz gero, pertsona horrek balio ekonomiko handieneko saria hartuko luke, eta bigarren saria ordezko zenbakiari emango zaio.
UDALAREN ESKERTZA
Mutrikuko Udalak kanpainan parte hartu duten establezimendu guztiei beraien inplikazioa eskertu nahi die.
Horrez gain, Arantza Ugarte eta herriko Danok Bat pelota elkartea eta Mutrikuko Futbol taldeari eta euren izenean etorri diren ordezkari guztiei ere zozketarako emandako laguntza eskertu nahi die.
Hala ere, Udalaren eskertzarik handiena, herrian erosi duten Mutrikuar guztientzako da. Euren erosketekin herria bultzatzen dutelako eta gogoratu nahi diegu guztiei, kanpaina amaitu arren, herrian erosten jarraitzean denok irabazten dugula.
Aurtengoan COVID-19ak eragin duen Tsunami handiari aurre egiteko guztion artean HARRIBOTE ederra osatu dugu HERRIBOTEAREN bidez. Mila esker denei!!

Zozketaren oinarriak kontsultatzeko klik hemen