"Herrian bizi eta lan” leloa errealitate bihurtzeko lanean ari da Udala

2014/09/08
Irailaren amaieratik aurrera jarriko dira martxan 2014-2015 Garapen Planeko lehen egitasmoak

Herrian bizi eta lan egin ahal izatea da lortu nahi duguna, eta horretara goaz”. Horrenbestez azaldu du Joseba Palenzuela alkateak 2014-2015 Garapen Planaren helburu nagusia zein den. 

Garapen Planak hiru ardatz nagusi ditu: ekintzaileak identifikatu, ekintzaile horiei formazioa eman eta, horrekin batera, sortu nahi dituzten enpresentzako beharrezkoak dituzten baliabideak eta tresnak eskaini

Udalaren ardura nagusia herrian dauden lanpostuak dira. Izan ere, lanean dauden 2.900 herritarretatik asko kanpora joan behar izaten dira lanera. “Mutrikun 900 lanpostu baino gutxiago daude. Hori aldatzeko pausuak emanak ditugu jada; orain beste urrats batzuk ematera gatoz”.

Egindakoen artean, aurtengo maiatzean egindako zuEKIN! ekimena nabarmendu zuen alkateak. 62 lagunek parte hartu zuten, eta zortzi ekintzaile identifikatu ziren. “Horiekin, eta herritar gehiagorekin, irailaren amaieran, lehen egitasmo zehatzak jarriko ditugu martxan: irailaren bukaeran, Mutriku Ekinean eta azaroan, Zure proiektua abian jarri, azaldu du Garapen Planaren koordinatzaile Marta Amonarrizek. , Bi ekimenak Debegesarekin elkarlanean gauzatuko dira, eta formaziora zuzenduta daude. “Ideiak lantzeko eta gauzatzen hasteko eremuak izango dira”, dio Amonarrizek.

Horrekin batera, eta Mondragon Unibetsitatearekin elkarlanean, GazteEKIN! proiektua martxan jarri nahi du Udalak.  “Gazteengana hurbildu eta haiekin batera, ekintzaile sena pizteko lan egin dugu”.

Gainera, abenduan, I. enpresa proiektu lehiaketa egingo da.

UDALA BIDELAGUN
Ekintzaileei aholkularitza zuzena eskainiko die Udalak sektore bakoitzerako teknikari espezifikoen bidez. Horretaz gain, eta aldi berean, Udalak enpresa-ideiak gauzatzeko beharrezko tresnak eta baliabideak eskuratzeko lan egingo du, sektoreka.

Merkataritza-ostalaritza alorrean, besteak beste, dauden lokalen azterketa eta egoeraren azterketa sakona egingo dira. “Azken hori kanpoko enpresa baten laguntzarekin egingo genuke, eta ditugun beharrizanen, gabezien, aukeren…berri jasoko genuke”, azaldu du Amonarrizek.

Nekazaritzan, berriz, bi izango dira eginbehar nagusiak: eskuragarri dauden lursailen azterketa egingo da, eta salmenta bide berriak jorratuko dituzte, Mutrikun ekoiztutakoa Mutrikun kontsumitzeko.

Itsasoari dagokionean, alde batetik, artisau arrantza bultzatu nahi dute, besteak beste, lizentzien azterketa eginez eta aukerak ikusiz, eta salmenta puntua indartuz. Eta beste alde batetik, akuakulturako enpresa-proiektuak gauzatzeko enpresa haztegia jarriko dute martxan Mijoan.

ALDUNDIAREN BABESA
Garapen planak duen “oinarri sendoa” azpimarratu nahi izan du alkateak: 62 lagunen partehartzearekin egindako 2012-2020 plan estrategikoa. “2020rako 163 lanpostu sortzea zen jarritako helburuetako bat. Hori lortzeko beste tresna bat da Garapen Plana. Aldundiko Lurralde Garapenaren Zuzendaritzaren babes osoa dauka”.

Alkateak adierazi duenez, Aldundiak begi onez ikusi du 2014-2015 Garapen Plana. “Herriko ekonomia sustatzeko ekimen hau guztiz egokia iruditu zaio; eta diruz laguntzeko aukera lantzen ari dira”.

Garapen Planarekin herri tipologia aldatu nahi du Udalak. “Herrian lana sortzeak, aberastasuna dakar; bai maila pertsonalean, baita maila kolektiboan ere. Hori da gaur gaurkoz Mutrikuk behar duena; eta guk egiten ez badugu inor ez da guregatik egitera etorriko”.


ZENBAIT DATU:
-    Mutriku Ekinean egitasmoa
o    Irailak 29 eta Urriak 1, 3 6, 8 eta 10
o    09:00-13:00
o    Gaiak: Sormena bultzatu, negozio ideia berriak sortu, ekintzaileen arteko harremana…
o    Kopurua: Gehienez, 15 ekintzaile

-    Zure proiektua abian jarri egitasmoa
o    Azaroak 3, 4, 5 eta 10, 11, 12
o    09:30-13:00
o    Gaiak: Bideragarritasun plana landu, plan komertziala landu, marketing plana, finantziazio plana…


-    Aholkularitza espezifikoa
o    Sektore bakoitzeko teknikariak izango dituzte eskura ekintzaileek
o    Beharrezko tresnak/baliabideak eskaini

-    Enpresa Ideien I. lehiaketa
o    Abenduan izango da

-    GazteEKIN!
o    Mondragon Team Academy-rekin batera gauzatuko den egitasmoa
o    Gazteengana hurbildu
o    Gazteen artean ekintzaile sena zabaldu