Herrian lanpostuak sortzeko bideak zabaldu nahi ditu Udalak
“Mutriku maila askotan herri oso aktiboa den arren, ekonomikoki atzean geldituta dago. Hori aldatzeko pausuak ematea da Udalaren helburua”. Horrenbestez azaldu dute Garapen Sailekoek martxan jarriko duten zuEKIN! ekimenak gordetzen duen filosofia. Herrian lanpostuak sortzea da lortu nahi dutena.
Mutrikuko biztanleria aktiboa 2.500 pertsonako da (laneko adinean eta lanean dauden biztanleak). Baina herrian dauden lanpostuak 858 besterik ez dira; eta horietatik 353 autonomoak dira. “Kontuan hartu behar da, gainera, herrian dauden lanpostuak ez dituztela soilik mutrikuarrek betetzen. Horrek esan nahi du mutrikuar asko eta asko herritik kanpora joan behar izaten direla lan egitera”, azaldu dute Garapen Sailekoek.
Inguruko herriekin alderatuta, Mutrikun lanpostu oso gutxi daude. Deban, esaterako, biztanleria aktibo beretsua izan arren -2.600 pertsona- herrian dauden lanpostuak askoz gehiago dira: 2.788. Mendaron, herrian dauden lanpostuak 1.765 dira, eta Mallabin 1.172. “Lanerako adinean eta lanean dauden herritarrak baino lanpostu gehiago dauzkate herri horietan. Baldintzak jartzen asmatu dute. Eta guk zergatik ez? Mutrikuarrok ere ahal dugula uste dugu Udaletik, aukerak badirela, eta martxan jarri beharra daukagula herriak aurrera egiteko, bizirik mantentzeko, hobetzen joateko…”, nabarmendu dute.
Aukerak identifikatzea izango da egin nahi duten lehen lana. Horretarako maiatzaren lehen astetik hasita, herrian pisu nabarmena duten sektoreak (nekazaritza, arrantza eta merkataritza-ostalaritza) aztertuko dituzte adituen laguntzarekin. “Jendearentzat zabalik egongo diren saioak antolatu ditugu”, aitatu dute. “Saioetan gaur egungo joerak eta aukerak mahairatuko ditugu, eta zenbait kasutan alor horietan ari direnen esperientziak entzuteko aukera ere edukiko dugu. Ahal dela eta ahal dugula ikusarazi nahi diegu herritarrei”.
Lehen saioak maiatzaren 5ean eta 8an izango dira, eta landuko duten sektorea nekazaritza izango da.