Herriguneko trafiko plana emaitzak onak ematen ari da

2013/11/27
Planaren berrikusketa egiteko, herriguneko dendarien iritzia jaso du Udalak eta udaltzainek egindako azterketaren txostena ere eskuartean izan du.

Herrigunerako planarekin pozik dago Udala. “Oraindik egokitzapenak behar ditu eta landu beharreko puntu ilunak dauzka, baina herriguneak asko irabazi duelakoan gaude”, adierazi du Gobernazio buru Joxan Agirregomezkortak.

Planaren balorazio egiteko, alde batetik, herriguneko dendarien iritzia jaso nahi izan du Udalak, inkesta bidez. “Jasotako emaitzen ondorioz, aldaketa bat edukiko du planak: Erdiko kalea 11:00etan itxi beharrean, 12:00etan itxiko da, dendarien beharrizanei hobeto erantzuteko”, nabarmendu du.

Beste alde batetik, udaltzainei gaur egungo herriguneran egoera aztertzeko eskatu zieten. Udaltzainek egindako txostenaren ondorio nagusia honako hau da: “Herrigunean jendea lasaiago ibiltzen da. Ez dago lehen bezalako trafiko arazorik, eta aparkatzeko denbora mugatua denez, sarri askotan dago autoa lagatzeko aukeraren bat. Horrek kaleari beste lasaitasun bat ematen dio”. Izan ere, trafiko planaren arabera, Goiko plazan, Beheko plazan eta Barren kaletik komenduraino dauden aparkalekuak 30 minutuz erabil daitezke. “Neurri horrekin jendea herrigunera etorri eta erosketak edo dena delakoa erosotasunez egiteko aukera ireki nahi izan zen, eta horrela dela ziurtatu digute udaltzainek”, adierazi du Agirregomezkortak.

FONDABERRIKO TXARTELEN ESKAERA ALTUA
Trafiko planarekin batera, Fondaberri aparkalekuari lotutako neurria ere martxan jarri zuen Udalak: urtean hamar euroren truke, egunero ordu eta erdi doan aparkatzeko txartelak. 228 herritarrek daukate horrelako txartel bat.

Fondaberriren erabilera sustatzea lortu nahi zuen Udalak neurriarekin. “228 lagunek neurriaren onurak ikusi dituzte, eta txartela erabiltzeko hartzen delakoan gaude”. Fondaberriko txartela sortzean, ibilgailuei herrrigunetik kanpo aparkatzeko alternatibak eskaintzea zen helburua. “Aurrera begira, Udalak urtean 20 euroren truke, egunero hiru ordu doan aparkatzeko aukera ematen duen txartela ateratzeko asmoa du”, aurreratu du Agirregomezkortak.