Herriko ahozko ondare eta herri hizkera biltzeari ekingo dio Udalak

2012/12/03
Badihardugu Elkartearen 'Ahotsak' egitasmoarekin bat egin du Udalak; herriko adinekoengana joko dute euren esperientziak euren ahotik kontatzeko eskatzera.

“Gure herrieko adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea da gure asmoa”. Horrenbestez azaldu du alkateak, gaur, hilak 3, Badihardugu Euskara Elkartearekin sinatu duen hitzarmenaren mamia. Aurrerantzean, Mutrikuk eta mutrikuarrek Ahotsak egitasmoan parte hartuko dute.

Ahotsak egitasmoaren baitan Euskal Herriko guztiko 220 lekukotasunetik gora jasoak dituzte Badihardugukoek. “Tartean, badira Mutrikuko zenbait ere, elkarteetan aritutako jendeak egindakoak edo haien laguntzarekin guk egindakoak”, aitatu du Badiharduguko presidente Asier Sarasua Aranberrik. “Hitzarmena sinatzeak, ordea, proiektuari ofizialtasuna ematen dio, beste maila bateko nortasuna”.

Hitzarmenaren arabera, Mutrikuko udal euskara teknikaria izango da elkarrizketak egingo dituena, eta Badiharduguko kideek grabaketa horiek kodetuko dituzte. Behin kodeketak eginda, herritar guztien esku jarriko dute materiala ahotsak.com webgunearen bidez. “Proiektuaren filosofia hori da, eta horrekin egiten dugu bat. Ez genuen museo izaera duen fitxategi bat sortu nahi, eta Ahotsak egitasmoaren izaera hori izanik, eta duten esperientzia baliagarria izango zaigula aurreikusita, erabaki dugu Badihardugurekin elkarlanean aritzea”, azaldu du alkateak.

AHOTSAK 2.0
Interneten 2.0 filosofia bezala ezagutzen denaren izpiritu berarekin sortu zen Ahotsak egitasmoa; hau da, besteak beste, elkarlana, baliabideak partekatzea eta edukien egiletza aitortuz gero, erabilpen librea eta doakoa bezalako kontzeptuak hartzen ditu bere baitan.

Proiektua bi ardatzen inguruan sortu zen. Alde batetik, izaera linguistikoa zuen proiekua zen. “Estandarizazioak gauza onak ekarri ditu, baina hizkuntzaren homogeneizazioaren ondorioz herri hizkerak jota gelditu dira”, azaldu du Badiharduguko presidenteak. “Guztiz galdu aurretik jaso nahi genituen”.

Beste alde batetik, “oraindik haratago” doan ondarearen bilketa ere egiten dute. Izan ere, XX. mendeko historia, kultura, ohiturak, tradizioak, bizipenak eta abar jasotzen dituzte protagonistek eurek kontatuta. “Historia ez-ofiziala batuta gelditzen da. Herriaren historia bere protagonistek osatzen dute. Bakoitzaren zatitxoa jasota, herriaren historia osatzen goaz eta hori gordetzea oso garrantzitsua da guretzat”, nabarmendu du alkateak.