Herriko kirol portua inauguratu dute

2014/07/04
Udal ordezkariek babes dikea amaitzeko eskatzeko baliatu dute ekitaldia, eta hainbat herritarrek ere eskakizun berakin elkarretaratzea egin dute portuan.

Euskal Kosta belaontzien XXIII. estropada Mutrikitik abiatu da gaur. Horren arrazoia: herriko kirol portua ofizialki inaugurazioa.

Inauguraziorako bertan bildu dira Euskadiko Kirol Portuakeko (EKP) zuzendari Edurne Egaña, Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo del Campo, Joxean Agirregomezkorta gobernazioburua (EH Bildu), Arrate Uranga alkateordea eta Politika Sozialeko burua (EH Bildu) eta Joseba Antxustegi zinegotzia (EAJ-PNV).
Ordezkari guztiek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte pantalanak, eta hura erabiltzaen ari ziren estropadako parte hartzaileekin hitz egin ahal izan dute.

Estropadako parte hartzaileak pozik agertu dira kirol portuarekin eta zorionak eman dizkiote ordezkariei jarritako azpiegiturengatik. Udal ordezkariak pozik hartu dituzte pantalanen erabiltzaileen hitzak, baina portuan oraindik lanak egiteko daudela gogorarazteko baliatu dute ekitaldia. "Kirol portuak etorkizunean herrira ekar lezakeena ongietorri izango da, baina portuko planaren baitan, azken fasea zen. Bada aurreko lanik ere, babes dikea amaitzea, esaterako", gogorarazi dute.

Babes dikea amaitzeko eskaera ez da udal ordezkariena bakarrik izan. Izan ere, herritar talde bat Babes dikea amaitu eta Portua mutrikuarrena da pankarten atzean bildu dira, agintariek egindako eskaera bera egiteko.

KIROL PORTUAREN BERRITASUNAK

Mutrikuko kirol portuak 300 ontzirentzako lekua dauka, eta bost metrotik hamasei-hemezortzi metroko luzera duten ontziak hartzeko dago egokituta. EKPko zuzendari Edurne Egañak adierazi duenez, Mutrikuk duen potentzialtasuna izan da kirol portua egitearen arrazoi nagusia. "Inguru ezinhobean dago, Geoparkearen baitan eta aukera ugari zabaltzen dizkio horrek. Portuko erabiltzaile asko izan dira Mutriku aurkikuntza izugarria izan dela adierazi digutenak; bai ingurua, bai portua eta bai herria bera ere".

Berritasun nabariena, ur eta argindar hornidura zerbitzuaren sistemak dakar. Erabiltzaileek aldez aurretik ordaintzeko txartel bidez eskuratuko dituzte ur eta argindar zerbitzuak. "Bakoitzak behar duenaren araberako kopuruarekin kargatuko ditu txartelok eta erabiltzen duen zerbitzu kantitatearen arabera txarteletik kenduko zaio; telefono mugikorretan egiten den bezalaxe", azaldu du EKPko zuzendari Edurne Egañak. Sistema horrekin zerbitzuen "erabilera arduratsua eta jasangarria" bultzatzea da EKPren helburua.

ARGAZKI BILDUMA: Udaletxeko facebook-ean.

< p>