HERRIKO TXAKURREN ERROLDA

2022/02/11

 

Herriko txakurrak erroldatzeko epea luzatu egingo da otsailaren 18 arte.

 

2021eko Maiatzaren 27an Animaliak eduki eta babesteko udal ordenantza arautzailea onartu zuen Udalbatzak. Ordenantzaren arau ezberdinen artean I. kapituluko (Errolda eta identifikazioa) 9. artikuluak honakoa dio:
 
Txakur jabe edo edukitzaileek derrigorrez identifikatu eta erroldatu beharko dituzte beren txakurrak, txakurra jaio edo erosi den momentutik hilabeteko epean. Berdin egingo da bestelako edozein lagun egiteko animalia bada ere.
Animaliek beren errolda identifikazioa eraman beharko dute beti nahitaez.
Animalia ez erroldatzea, edo epez kanpo egitea, arau haustea izango da animalia babesteari buruzko Legearen 27.1. a artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Nahiz eta ordenantza indarrean denbora asko daraman, eta 2021ko azaroan Mutrikuko etxe guztietara ordenantzaren laburpen bat bidali, non herriko txakur guztiak Mutrikun erroldatzea derrigorrezkoa zela aipatuz, oraindik ere asko dira euren txakurrak erroldatu gabe dituzten mutrikuarrak.
 
Legezko hilabetea baino denbora gehiago utzi arren, erroldatzea ez dela ari gauzatzen ikusirik, Mutrikuko Udalak otsailaren 18 arte luzatzea erabaki du txakurren erroldatzea erregularizatzeko epea eta data horretatik aurrera ordenantza betetzen hasiko da.
 
Txakurrak erroldatzeko egin beharrekoa honakoa da:
    1.- Udaletxeko sarreran, Udaltzaingoan edo hemen klik eginda eskuragarri dauden inprimakiak eskuratu.
    2.- Inprimakian eskatzen diren jabearen nahiz txakurraren datuak bete.
    3.- Inprimakia Udaletxean entregatu.