Herritarren eta Udalaren elkarlanarekin Gaba Beltzean murgildu da herria asteburuan
Elkarlana arrakastarako giltza dela argi dute Mutrikun. Horrela, beste behin ere, herriko hainbat elkartek eta Udalak elkarrekin arituta, ohitura handikoa bihurtu den jaia aurrera atera dute arrakasta handiarekin: Gaba Beltzak Mutrikuko kaleetaz jabetu da, beste behin ere.
Txantxangorrikoen ekimenak eman zion hasiera jaialdiari. Zabielek ohiko itxura alde batera utzi eta beldurrezko istorioen bilgune bihurtu zuten; oihuak, dardarak, zirrarak, barre urduriak...denetarik eta denentzat, baina azkenean, denak gustura.
Egitaraua sendotzeko, Udalak Exodus kalejira ekarri zuen. Sua oinarri duen ikuskizuna gustura hartu zuten adin guztietako herritarrek.
Haren atzetik, ordea, Gaba Beltzaren oinarrizko ekimenetako bat zetorren. Mutrikuar guztiak espero zuten ekimena: Talaixako mamuaren kalejira. Dantzari, akordeoijole, txistulari, Gaztelekuko gazteak, akordeoi joleak, txistulariak, asanbladako kideak...eta Talaixako mamua! Aurten, gainera, bestetan ez bezala oso aurpegi ezagunarekin atera zen...mamuaren irudia, kritika egiteko erabili zuten, eta mamuaren erreketa egoera sozio-ekonomikoaren salaketaren irudi bihurtu zen.
Izan ere, ohi bezala, kalejira amaitu ondoren, eta Axuri Beltza Goiko zen Beheko plazan dantzatu ondoren, herria ilunpean utzi eta Talaixako mamuaren isoorioa entzun orduko, su eman zioten. Eta berehala egin zituen harenak; jendearengan inpresio nabarmena eraginez.
Musikarik ere ez zen falta izan: alde batetik, DJ Arno plazan eta bestetik, Gaztetxean kontzertu hirukoitza. "Eguna argitu arte Gaba Beltzaren erroetan harrapatuta gelditu zenik ere izan omen zen. Baina orduak alde batera lagata, iluntasunak iraun zuen artean, jendea pozik eta gustura, giro onean egon zelakoan gaude, eta hori da balio duena", adierazi dute Udaletik. "Herriko taldeen lana ikaragarria da, eta Gaba Beltza izaten da horren adibide garbietako bat. Hori benetan da eskertzekoa eta zaintzekoa, eta hori egiten saiatuko garela ziurtatu dezakegu", nabarmendu nahi izan dute.
EGUNEKO ARGAZKIAK (Irudiak: Txantxangorri eta Mutrikuko udala).