Hondakinen bilketa sistema berria martxan jartzeko pausuak ematen ari da Udala
Azaroaren 30eko herri galdeketan, mutrikuarrek erabaki garbia hartu zuten: aurrerantzean, hondakinak edukiontzien bidezko sistemaren bidez jasotzea. Sistema berriaren helburua ere ezarrita dago: birziklatze-tasa %60ra igo.
Galdeketa egin zenetik, Hondakinen Batzordea (Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, Natur Taldeak, Zero Zabor taldeak eta Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformak osatutako batzordea) sistemaren inplantazioa egin ahal izateko lanean aritu da.
Abenduan Udalbatzak kontuan hartzeko erabaki-proposamena helarazi zion Udalari. Erabaki-proposamenean bi puntu jasotzen ziren: batetik, herriko hondakinak modu selektiboan edukiontzien bitartez biltzea, bio-hondakinak eta errefusa bereiztuta biltzeko txipdun edukiontziak erabiliz, %60ko birziklatze tasa lortzea helburu hartuta; eta bestetik, Mankomunitatearekin elkarlanean hastea herritarrek aukeratutako sistema Mutrikun lehenbailehen martxan jartzeko.
Abenduaren 23ko Udalbatzak batzordearen proposamena berretsi zuen, eta Mankomunitateari adierazi zion, aurrerantzean, mutrikuarrek hondakinak biltzeko zein sistema aukeratu zuten, gehiengoz.
Urtarrilean, berriz, Udalaren eta Mankomunitatearen arteko lanak hasi ziren, eta, besteak beste, sistema berriaren bilketa-puntuen gaineko azterketa egiteari ekin zioten. Azterketa horren baitan, zenbat eta nolako edukiontziak beharko diren zehaztuko dute.
Gainera, sistema berriak eskatuko dituen inbertsioen kalkulua eta funtzionamenduaren kostuen kalkulua prestatzen ari da Mankomunitatea. “Udalaren nahia da hondakinak biltzeko sistema berria, 1.915 mutrikuarren bozka jaso zituena, lehenbailehen ezartzea, eta horretarako bidea egiten gaude Mankomunitatearekin batera”, zehaztu du alkateak.