Hondakinen bilketa sistemaren inguruko Mutrikuko Udalaren oharra

2014/12/23

Dakizuen bezala, joan den azaroaren 30ean, Mutrikuko herritarrek aurrerantzean erabili nahi duten hondakin bilketa sistema erabaki zuten euren bozkekin. Mutrikuarrek hobetsitakoa, hondakinak edukiontzi bidez jasotzea izan zen.

Parte hartze handia izan da prozesu guztian zehar, zein herri galdeketa egunean nagusitu den ezaugarria. Horrek adierazten du, besteak beste, herritarrek gai horrekiko duten interesa.

Erakutsitako interesagatik eta edukitako jarrerarengatik Mutrikuko Udalak herritarrak zoriondu nahi ditu. Aldi berean, hartutako erabakia errespetatu eta gauzatzeko konpromiso hartzen duela jakinarazi nahi du.

Hondakinen Batzordea izango da horren ardura nagusia edukiko duena. Lehendabiziko lana, sistema berria martxan jartzeko plana egitea izango da, eta haren bidez, 2015ean edukiontzien bidez hondakinak biltzeko sistema martxan jartzea izango da aipatutako batzordearen helburu nagusia.