Hondakinen bilketarako sistema herri galdeketa bidez erabakiko da
Herri galdeketa egingo da hondakinak biltzeko sistema zein izango den erabakitzeko. Otsailaren 23an Bilduk alkatearen bidez egindako proposamena aho batez onartu dute Udala osatzen duten alderdiek.
Atzo egindako ez ohiko Osoko Bilkuran puntu bakar bat zuten lantzeko: Felix Mari Ulaziak hondakinen bilketa sistema erabakitzeko egindako herri galdeketa eskariari erantzuna ematea. Eskarian, literalki zera eskatzen zen: "Herri galdeketa bat burutu dezala Mutrikuko herritarrak zabor bilketa sistema aukeratu ahal izateko gaur egungo edukiontzi sistema edo atez ate bilketaren artean".
Otsailaren 27ko Osoko Bilkuran ere puntu hori agertzen gai ordenean, baina erabaki hartu beharrean, gaiaren gaineko erabakia hurrengo bilkura batetarako lagatzea erabaki zuten. Izan ere, alkateak, Udal Gobernuaren izenean, proposamen sendoa egin zion Udalbatzari, "adostasunerako bidea egin nahian". "Zulo beltz batera eramango gintuzkeen enfrentamendurik ez dugu nahi. Herriak ez luke ulertuko. Ez diot horrelakorik opa nire herriari", adierazi zuen Joseba Palenzuela alkateak orduan. "Uste dut obligazioa dugula bide bat bilatzeko mutrikuar guztiok asetuko gaituena".
Atzokoan, gaiari helduta bi bozketa egin zituzten: bata, Azpiazuren eskariaren ingurukoa eta bestea, Bilduren proposamenari erantzuteko. Lehendabizikoari ezetza eman zioten (8 ez, 4 bai eta abstentzio bat). "Ezezkoaren arrazoia honakoa da: Mahai gainean daukagun proposamenak Azpiazuren proposamena gainditzen du, eta hori ulertuta, eta guztiok herri galdeketaren puntuan bat egiten dugula ikusita, eman diogu erantzun hori", zehaztu zuen alkateak. Izan ere, herri galdeketaz gain, herritarrak informatzeko prozesu bat eta prozesua kudeatzeko batzorde baten eraketa ere planteatzen ditu Bilduren proposamenak.
Bigarren bozketan, Bilduren proposamena bozkatu zuten eta aho batez onartu zen. Onartutako proposamenak, zehazki, honako hiru puntu hauek biltzen ditu:
1. Mutrikuko Udalak herri galdeketa gauzatuko du hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko.
2. Galdeketa egin aurretik, Gipuzkoan martxan dauden bilketa-sistemen inguruko informazioa zabaltzearren eta debatea ematearren, herri osoak parte hartzeko aukera izango duen parte hartze prozesua burutuko du Udalak.
3. Parte hartze prozesu osoa kudeatzeko ardura hartuko duen Hondakinen batzordea eratuko du Udalak.