Hondakinen gaia lantzeko mahaia sortu du Udalak

2013/07/04
Alderdi politikoetako kideek eta gaiarekin erlazioa duten eragileek osatzen dute mahaia; atzo eduki zuten lehen bilera eta birziklatze protzentajeari buruz aritu ziren.

Hondakinak gizartearen arazoa direla ulertuta, gaia landu eta egin beharrekoei bide emateko hondakinen mahaia sortu berri du Udalak. 

Mahaia honakoek osatzen dute: alkatetza, herrian ordezkaritza duten aldedi politikoetako ordezkariak, bosgarren edukiontziaren alde sinadurak aurkeztu zituzten herritarrak, Mutriku Zero Zabor taldeak eta Mutriku Natur Taldeak. “Talde bakoitzetik bina ordezkarik daukate mahaian parte hartzeko aukera”, azaldu dute Udaletik.

Mahaiaren lehen bilera atzo izan zen, eta besteak beste, herrian birziklatu beharreko hondakinen portzentajea izan zuten hizpide. “Udalaren asmoa adostasunezko erabakiak hartzea da”, azpimarratu dute.

Uztailean bigarren bilera bat ere egingo dute, eta gaiaren lanketan sakondu eta hondakinei lotutako aspektu guztien inguruko hausnarketa egitea izango dute helburu. “Bakoitzak eskura dituen datuak ekartzea da asmoa. Ahalik eta datu gehien edukita, hartzen ditugun erabakiak ahalik eta objektiboenak izatea nahi genuke. Eta gure arteko eztabaida zintzoan arituta, elkarrekin bidea egiteko modua topatu nahi dugu, beste herri batzuetan egin duten bezala”.